Zubietako erraustegia

Erraustegia geratzeko giza katea 11:00etan Donostiako Alderdi Ederretik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 13a, 08:38

Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, "giza katea hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da". EHBildu, Equo, Ezker Anitza, Alternatiba, ELA, LAB, Eguzki eta Ekologistak Martxan eragileek bat egin dute, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta "errausketarik ez! Donostia zaborretan itota" aldarripean egingo den mobilizazioarekin.

Gogoan izan, bizi dugun osasun krisialdia tarteko, ibiltaria izango da igandeko giza katea. Alderdi Ederretik irailaren 13an goizeko 11:00etan abiatu eta "hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik itzuliko da, abiatu den lekura", Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ohartarazi duenez.

Mobilizazioarekin bat egin dute eragile anitzek eta bertara joateko deia egin diete herritarrei. Donostiako LAB sindikatutik, Zubietako erraustegia geratzeko mobilizazioan parte hartuko dutela iragarri dute. "Igandean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatutako giza katean izango gara! Krisi sanitario, ekonomiko eta ekologiko honen aurrean, eredu aldaketarantz urratsa ematea dagokigu. Errausketarik gabeko Euskal Herri eta planeta baten alde!".

EQUO Berdeak Gipuzkoa taldetik adierazi dutenez, "ahalegin kolektiboarekin, erraustegia geratuko dugu". 
ELA sindikatuak hilaren 13ko mobilizazioko aldarri nagusia ekarri du gogora. "Igande honetan Donostiatik ozen esango dugu, #ErrausketarikEz". CCOO sindikatuak ere giza katearekin bat egin du. "Irailaren 13rako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitutako mobilizazioari babesa ematen diogu #ErraustegirikEz #ErrausketarikEz Zatoz ta parte hartu!!", luzatu diete gonbita herritarrei.

DENON AHALEGINEZ ERRAUSTEGIA GELDITU
2020ko irailera heldu gara, Donostiako erraustegia eraikita dago, azken hilabeteetan frogak egiten (zaborra erretzen) ari dira eta epe laburrean behin betiko martxan jarri asmo dute urte askotan instalazio hau bultzatu duten talde politiko (PNV, PSE), Foru Aldundi, GHK eta enpresek (Urbaser, Murias, LKS, Altuna y Uria...). Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan eta zoritxarrez laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla.

Bitartean baita ere urte askotan errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa arrazional baten alde ari garenok borrokan jarraitzen eta jarraituko dugu, askotan esan bezala badagoelako errausketa baino osasuntsuagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa den alternatiba.

Alternatiba hau Gipuzkoako herri gehienetan martxan jarri da eta honen ondorioz 2009-2019 tartean hiri hondakinetako errefus kopurua 100.000 tona/urteko murriztu da (238.000 tona 2009an, 138.000 tona 2019an), hau da %42 gutxiago. Herri hauetan %60a eta %85a bitartean gaika biltzen ari dira, eta askotan biztanleko urtean 100kg errefus baino gutxiago sortzen dute. Pauso garrantzitsuak eman dituzte baina hobetzen jarraitu behar dute.

Beste alde batetik badira Gipuzkoan herri gutxi batzuk, baina biztanle asko dutenak, azken urteetan ezer gutxi edo ezer egin ez dutenak hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera. Irun, Hondarribia, Lasarte, Elgoibar... eta guztien buru Donostia. Herri hauetan %40a eta %50a artean biltzen dute gaika eta 200 kg baino errefus gehiago sortzen dute biztanleko urtean. Herri hauek Gipuzkoako biztanleen erdia dira eta errefusaren hiru laurdenak baino gehiago sortzen dute. Premiazkoa da herri hauetako Udalek bilketa sistemaren aldaketa egitea eta eraginkorra den modua ezartzea.

Donostiaren kasua benetan esanguratsua da: 2019an biztanleko 288kg errefus sortu dira, Gipuzkoako kantitaterik handiena eta azken bost urteetan ez da inolako hobekuntzarik egon. Donostiak bakarrik 2019an 53.000 tona errefus sortu ditu, erraustegiaren labe batek erre dezakeenaren erdia baino gehiago; Donostia da erraustegiaren erregai-hornitzaile nagusia. Eta Udalak ez du inolako asmorik egoera hau aldatzeko; ez zaio axola Gipuzkoako zabor txapeldun izatea; ez zaio axola 2020rako Europak agindutako %50eko gaikako bilketatik 8 puntu beherago egotea; ez zaio axola edukiontzi grisera doanaren hiru laurden birziklagarri izatea; ez zaio axola Donostian biltzen den materia organiko kantitatea Gipuzkoako bataz bestekoaren erdia baino gutxiago izatea.

Egoera honen aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten du irailaren 13an goizeko 11:00etan Alderdi Ederren (Donostiako udaletxe aurrean) hasiko den giza katean parte hartzera. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan giza katea hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da, bidean geldialdirik egin gabe eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantenduz.

Goia, Ramos entzun: birziklapena bai, errausketarik ez. Zuen negozioak ingurumena eta osasuna kaltetzen du. Zuen zaborrak planeta hondatzen du.

Errausketaren Aurkako Mugimendua, EHBildu, Equo, Ezker Anitza, Alternatiba, ELA, LAB, Eguzki, Ekologistak Martxan.