"Erraustegirik ez, osasuna bai!" aldarriak oihartzun zabala izan du igande honetan Kontxako badian. Zubietako erraustegia geratu eta herritarron osasuna babestearen aldeko giza katea egin dute Donostian, estropadetako bigarren jardunaldi egun honetan. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitutako mobilizazioarekin bat egin dute eragile anitzek; tartean, LAB, ELA edota CCOO sindikatuek, EHBildu, Ezker Anitza, Alternatiba alderdiek...
Azaroaz geroztik probaldi fasean jada lehengaiak erretzen izan eta laster, Zubieta gaineko planta guztiz martxan jarri asmo dutela ohartarazi nahi zuten gaurko mobilizazioarekin, "urte askotan instalazio hau bultzatu duten talde politiko (PNV, PSE), Foru Aldundi, GHK eta enpresek (Urbaser, Murias, LKS, Altuna y Uria...). Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan eta zoritxarrez laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla".
Egoera horren aurrean ordea, "urte askotan errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa arrazional baten alde ari garenok borrokan jarraitzen eta jarraituko dugu, askotan esan bezala badagoelako errausketa baino osasuntsuagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa den alternatiba", antolatzaileen esanetan.
Giza kate mugikorra
Bizi dugun osasun krisialdira egokitutako giza katea izan da aurtengoa, "denon ahaleginez erraustegia gelditzea" xede zuena. Ilaran, partaideen artean segurtasun tartea bermatuta, musukoekin eta geldialdirik egin gabe osatu dute bidea. Beste urteetan, estropadak amaitu artean Kontxako hondartzan egoten dira. Aurten ez, Donostiako udaletxe ataritik abiatu, Alderdi Eder eta aipatu hondartza zeharkatu ditu, handik Perla aldera jo dute eta bueltan berriz, udaletxe atariraino.
Bidean etengabekoak izan dira errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko oihuak, baita erraustegiaren sustatzaileei zuzenduriko "zuen negozioa, gure miseria" gisako aldarriak ere.
Pankartetako batek argi zioen; "lotsagarria. Errausketa=klima aldaketa". Herritarrek eskutan eraman dituzten aldarrietan ere, gogorazi dute "zuen negozioa, gure minbizia" dela edota "zuen negozioak gure osasuna kaltetzen du". Agintariei zuzenduriko mezuak ere baziren tartean; errausketaren aurrean, alternatibak badirela gogoraraziz.
Horren aldekoa, gipuzkarron osasuna, ingurumena eta ekonomia babestuko dituzten alternatiben aldekoa baitzen, urte luzeren ostean, gaur ere berriz egin beharrean aurkitu diren giza katea.