Zubietako erraustegia

Erraustegia geratzeko mozioa eta iazko ikerketaren emaitzen aurkezpena asteotan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 14a, 08:54

Ofizialki probaldi fasean izan eta laster guztiz martxan jarri nahi duten erraustegia geratzeko bi hitzordu asteotan; asteazkenean maiatzeko Arkaitzerrekako isurketaren harira mozioa aurkeztekoa da EHBildu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aste gutxi barru plazaratu asmo dituzte bestalde, orain juxtu urtebete Zubieta Lantzenek bideraturiko erraustegiaren kutsagaiei buruzko ikerketa independentearen lehen emaitzak.

"Alternatibak badaude eta aldarrikatzen jarraituko dugu", iragarri zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, hainbat eragileren babesarekin erraustegia geratzeko igandean Kontxan eginiko giza katearen amaieran.

Bide ezberdinetatik borrokan segi asmo dutela iragarri zuten. Epe motzera begira, hitzordu bat iragarri zuten aste gutxi barrurako; duela urtebete, Zubieta Lantzenen ekimenez erraustegiari buruz abiaturiko ikerketa independenteari lotutako lehen emaitzen aurkezpena. Zubieta gaineko plantaren kutsagaiak aztertzeko lehen laginak jaso zituzten iazko irailean. Gerora ikerketa lerro bat batu zitzaion; Holandako ikerlariek proposatu eta emakume talde baten ekimenez, bularreko esnearen kontrol lanak egin ziren. Egitasmo honetarako Holandako Toxicowatch fundazioa eta Eusko Jaurlaritzak akreditaturiko Euskal Herriko enpresa bat kontratatu zituen Zubieta Lantzenek. 

Erraustegia ofizialki martxan jarri aurretik lehen laginak bildu eta ikerketa hau urtero errepikatzea da asmoa, behin aipatu azpiegitura piztuta, emaitzak alderatzeko.

Iaz inguruotako oilategietako arrautz eta hurbileko eremuetan hartutako laginen lehen emaitzak ezagutuko ditugu. laster.


Mozioa
Lehenago, asteazken honetan bertan (irailak 16) mozioa aurkeztuko du EHBilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Maiatzean Arkaitzerrekan izandako isuriaren harira aztertu eta bozkatzea proposaturikoa; "Zubietako erraustegian izandako istripuak argitzeko ikerketa batzorde bat eratzeari buruzko MOZIOA, 2020ko ekainaren 24ko Osoko Bilkuran Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru-diputatuari eginiko interpelazioaren ondorioz egina, EH Bildu batzarkide-taldeko Ainhoa Intxaurrandieta andreak aurkeztua". 

DENON AHALEGINEZ ERRAUSTEGIA GELDITU
2020ko irailera heldu gara, Donostiako erraustegia eraikita dago, azken hilabeteetan frogak egiten (zaborra erretzen) ari dira eta epe laburrean behin betiko martxan jarri asmo dute urte askotan instalazio hau bultzatu duten talde politiko (PNV, PSE), Foru Aldundi, GHK eta enpresek (Urbaser, Murias, LKS, Altuna y Uria...). Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan eta zoritxarrez laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla.

Bitartean baita ere urte askotan errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa arrazional baten alde ari garenok borrokan jarraitzen eta jarraituko dugu, askotan esan bezala badagoelako errausketa baino osasuntsuagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa den alternatiba.

Alternatiba hau Gipuzkoako herri gehienetan martxan jarri da eta honen ondorioz 2009-2019 tartean hiri hondakinetako errefus kopurua 100.000 tona/urteko murriztu da (238.000 tona 2009an, 138.000 tona 2019an), hau da %42 gutxiago. Herri hauetan %60a eta %85a bitartean gaika biltzen ari dira, eta askotan biztanleko urtean 100kg errefus baino gutxiago sortzen dute. Pauso garrantzitsuak eman dituzte baina hobetzen jarraitu behar dute.

Beste alde batetik badira Gipuzkoan herri gutxi batzuk, baina biztanle asko dutenak, azken urteetan ezer gutxi edo ezer egin ez dutenak hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera. Irun, Hondarribia, Lasarte, Elgoibar... eta guztien buru Donostia. Herri hauetan %40a eta %50a artean biltzen dute gaika eta 200 kg baino errefus gehiago sortzen dute biztanleko urtean. Herri hauek Gipuzkoako biztanleen erdia dira eta errefusaren hiru laurdenak baino gehiago sortzen dute. Premiazkoa da herri hauetako Udalek bilketa sistemaren aldaketa egitea eta eraginkorra den modua ezartzea.

Donostiaren kasua benetan esanguratsua da: 2019an biztanleko 288kg errefus sortu dira, Gipuzkoako kantitaterik handiena eta azken bost urteetan ez da inolako hobekuntzarik egon. Donostiak bakarrik 2019an 53.000 tona errefus sortu ditu, erraustegiaren labe batek erre dezakeenaren erdia baino gehiago; Donostia da erraustegiaren erregai-hornitzaile nagusia. Eta Udalak ez du inolako asmorik egoera hau aldatzeko; ez zaio axola Gipuzkoako zabor txapeldun izatea; ez zaio axola 2020rako Europak agindutako %50eko gaikako bilketatik 8 puntu beherago egotea; ez zaio axola edukiontzi grisera doanaren hiru laurden birziklagarri izatea; ez zaio axola Donostian biltzen den materia organiko kantitatea Gipuzkoako bataz bestekoaren erdia baino gutxiago izatea.

Egoera honen aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten du irailaren 13an goizeko 11:00etan Alderdi Ederren (Donostiako udaletxe aurrean) hasiko den giza katean parte hartzera. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan giza katea hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da, bidean geldialdirik egin gabe eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantenduz.

Goia, Ramos entzun: birziklapena bai, errausketarik ez. Zuen negozioak ingurumena eta osasuna kaltetzen du. Zuen zaborrak planeta hondatzen du.

Errausketaren Aurkako Mugimendua, EHBildu, Equo, Ezker Anitza, Alternatiba, ELA, LAB, Eguzki, Ekologistak Martxan.