Azken bozketaren emaitza honakoa izan zen; 21 batzarkide EHBilduk aurkezturiko mozioaren alde, 30 aurka.
Zubietako Arkaitzerrekan gertaturikoa argitzeko ikerketa batzordea eratzeko eskaera, ekainaren 24an Gipuzkoako Batzar Nagusiek eginiko osoko bilkuraren harira dator. Orduko hartan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio interpelatu zuen koalizioak gai beraren inguruan. Baina orduko hartan galdera bat baino gehiago erantzun gabe geratu zirela gogorarazi zuen EHBilduren batzarkide Ainhoa Intxaurrandietak, mozioaren aurkezpenean.
Galdetu zuen ia istripua gertatu zen egunean URA Agentziako ordezkaria bertaratu eta hasiera batean (geroa baimendu zioten) sarrera ukatu ote zitzaion. Istripua gertatu eta "oso oso larria dena" Intxaurrandietaren esanetan, isuriaz "enpresak ez omen zuen informatu maiatzaren 9an eta 10ean".
Maiatzaren 11n hedabideetan erraustegiak isurketarekin zerikusirik ez zuela izan adierazi Asensiok eta egun berean "zigor espedientean amaituko zuen ikerketa espedientea hastea" ere ahotan hartu zuen. Enpresak onartua zegoen askaren diseinua jakinarazi gabe aldatzeko eskumenik ba ote zuen galdetu zuen. Erraustegian egindako beste hainbat aldaketa ere aipatu zituen Intxaurrandietak. "Nola liteke inauguratu gabe baina martxan dagoen erraustegi batean pH-aren neurgailua martxan ez egotea?": Azken egunotan transformagailua erre ote den ere galdetu zion Asensiori.
Horren harira Intxaurrandietak zioenez, "gaur gaurkoz hondakinak erre arren, kilowatt bakar bat ere ez da sortu".
Erantzun gabeko hamaika galdera, bere esanetan "galdera gehiegi, informazio kontraesankor eta gertakari larri asko, guk dakigunez behintzat 3". EHBilduren aburuz, argitu beharrekoak liratekeenak. Testuinguru horretan kokatu zuen Intxarraundietak, ikerketa batzordea eratzeko aurkeztu zuten mozioa. Helburuokin proposatua; "Zubietako erraustegian gertatu diren istripuak aztertuko dituena, istripu horren ardurak argituko dituenak eta era berean, eraikuntzaren gainean kontrol zorrotza egingo duela bermatuko duena".
Ikertu beharrik ez, foru gobernuaren esanetan
Galdera guztion aurrean, ez zuen GHK-ren lehendakari Asensioren erantzunik jaso. Baina hitza hartu zuten gainerako talde politikoetako ordezkariek. Foru ingurumen diputatuaren alderdi bereko (PSE) Susana Garcia Chuecak sozialistek mozioaren aurka bozkatuko zutela iragarri zuen, "eskatzen den ikerketa egin delako, EHBilduk proposatu baino modu ezinhobeagoan". Bere esanetan, "azkartasunez eta gardentasunez jokatu da" eta kontrol publikoa baliatuta, "azken ondorioetaraino heldu da". Sozietate emakidadunari 3 arau hausterengatik 45.000 euroko isuna jarri zitzaiola gogorarazi zuen. Eta erabaki hau Gipuzkoako udal eta mankomunikateak ordezkatzen dituen GHK-ren asanbladak aho batez onartu zuela, "EHBilduren aldeko bozkekin". Bide judiziala zabalik dela eta bide horrek emandakoaren zain geratuko direla adierazi zuen PSE-ren ordezkariak.
Ildo beretik mintzatu zen baita EAJ-ren batzarkide Saioa Bandres. "Agortutako gai batez eztabaidatzeak zentzurik ez duela" iritzi zion. "Bi aldiz agortua", zioen, Arkaitzerrekako aferari eta "gai honetaz baliatuz batzuk erraustegiaren aurka berpiztu nahian dabiltzan eztabaida" aipatuz. "Nostalgikotzat" jo zituen iragan igandean Kontxan giza katean parte hartu zutenak.
Arkaitzerrekako istripuaren nondik norakoak argitzeko gaiak orain arte egindako bidea azaldu zuen; GHK-k idatzitako txostena, erantzuletzat jotako enpresa emakidadunei Kontsortzioko kideen erabateko babesarekin jarritako 45.000 euroko isuna... "Gauzak honela, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez, bidea guztiz agortutzat jotzen dugu eta ez dugu inondik inora beharrezko ikusten ikerketa batzorde baten eraketa". Batzorde hau osatzeko eskaeraren atzean, "iraganeko mamuak berpizteko tentazioa izan dezaketela zenbaitek", ohartarazi zuen Bandresek.
Bere esanetan, "nola onartuko dute errealitatea". EAJ-ren batzarkidearen arabera, "errealitatea hau da. Gipuzkoan hondakinen gai larriari, mundu mailan ematen zaion irtenbiderik egoki, moderno, ekologiko eta aurrerakoienetarikoa ematen zaiola, gipuzkoar gehienek babestua gainera". Gogorarazi zuenez, "Gipuzkoako Ingurumen Guneak ingurumen eta administrazio baldintza guztiak gainditu eta ingurumen baimen bateratua lortu du eta honek ziurtatzen du, azpiegitura berriek Europako, estatuko zein autonomia erkidegoetako araudietan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela".
Gipuzkoak 2020an, Europak 2025erako ezarritako birziklatze tasa beteko duela ere nabarmendu zuen, "iraganeko mamuak" alboratzea galdegitearekin batera.
"Hondakinen kudeaketak kontrol publikoa behar du"
PP-ren batzarkide Juan Carlos Canok ere zer ikerturik ez zegoela adierazi eta osoko bilkurako gai zerrendako puntu hau kentzea eskatu zuen. "Badakigu zer gertatu den, ardurak zeintzuk diren, arduradunak hobekiago esanda". Prozesu judiziala irekita dagoela. "Ikerketa batzordea kontrolerako instrumentu politikoa da, bere garrantzia duena", baina bere esanetan, sarritan irtenbideak bilatzeko lagungarria ez dena bere iritziz, gehiago baliatzen da "dagokionari behatza begian sartzeko".
Arkaitzerrekan maiatza hasieran jazotakoa inork ez duela zalantzan jartzen adierazi zuen, erantzuleak dagozkion ardurak hartu beharko dituela bere gain. "Akatsetatik ere ikasten da. Utopikoa izan arren, halako instalakuntzetako akats guztiak gutxitu edo ezabatzea espero dugu, gipuzkoarren bizi kalitatea helburu izanda".
Intxaurrandietak erantzun zion Canori esanez, "gure erantzunkizuna dela ere azpiegituren kontrola". EHBilduren eskaera babestu zuen bakarra Elkarrekin Podemos izan zen. Argitu gabeko galdera asko egonda, "mozioa erretiratzeko eskaera ez dut partekatzen", zioen Maria Valiente batzarkideak. "Gardentasun eta kontrol falta dagoenez, ikerketa batzordearen beharra partekatzen dugu, orain arte gertatutakoa argitzeko". Gai honi buruz uztailean eskatutako dokumentazioa jasotzeke zutela gogorarazi zuen, "honek gardentasun falta dagoela adierazten digu".
Zaldibarko zabortegian bezala, oso larritzat jo zuen Arkaitzerrekako istripuak ere argi uzten du bere ustez, "kontrol publikoa behar du hondakinen kudeaketak. Argi geratzen da berriz pribatua garestiagoa dela eta okerrago kudeatzen dela". Horregatik mozioa babestea erabaki zuen, "zehatz mehatz argitu behar da, nola eta zergatik enpresa emakidadunak ez duen legea bete". Kontrol aldetik egondako akatsak nabarmendu zituen. Herritarrek eta hedabideek berri eman ez bazuten, "zer gertatuko zen? Nola liteke posible halako tamainako obra batean harimutur horiek lotu gabe egotea? Ez zaigu buruan sartzen".