Igandean Zubietan

57. Enrique Abril Errebote Txapelketa, 1. jardunaldiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 18a, 08:22

8 lehiakide izango ditu, irailaren 20an hastekoa den errebote lehiaketak; tartean noski iazko txapelduna, Zubieta. Lehen jardunaldia igandean ospatuko da, irailaren 20an. Neurketetako bat Zubietan, 9:00etan hasita: Sarako Izarra eta Kapito Harri taldeen artekoa.

Errebotea bueltan dator Zubietara; Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak iragarri duenez, irailaren 20an abiatuko da 57. Enrique Abril Errebote Txapelketa. Zortzi lehiakide izango ditu aurtengo edizioak. Tartean iaz txapeldun amaitu zuen Zubieta, Gipuzkoako Villabona eta Oiartzungo taldeekin batera. Gainerako bost lehiakideak lapurtarrak izango dira. 

Txapelketa irailaren 20an hasi eta urriaren 18ra arte luzatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, beti ere eguraldiak baimentzen badie. Lehen jardunaldia igande honetan bertan, irailaren 20an. Neurketetako bat Zubietan; goizeko 9:00etan hasita, Sarako Izarra eta Kapito Harri lehiatuko dira. Egun berean lehiatzekoa ziren Zubieta eta Noizbait 2 taldeak. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren webguneak berri eman duenez, neurketa bertan behera geratu da. "Ez agertzeak", hortxe partida bertan behera uztearen inguruan federazioak emandako xehetasunak. Eta ondorioz, 13-0 emaitza Zubietaren alde.

Lehen faseko neurketa guztiak Gipuzkoan ospatuko dira. Finalerdien osteko final handia ere bai. Segidan, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketa honi buruz plazaratu dituen xehetasunen berri.

57. ENRIQUE ABRIL ERREBOTE TXAPELKETA
Parte hartzaileak:
A MULTZOA
Noizbait 1 (Hazparne, Lapurdi)
Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi)
Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa)
Txost (Oiartzun, Gipuzkoa)

B MULTZOA
Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa)
Noizbait 2 (Hazparne, Lapurdi)
Sarako Izarra (Sara, Lapurdi)
Kapito Harri (Ustaritze, Lapurdi)

Txapelketako faseak
1. fasea:
Itzuli bateko ligaxka.
Noiz: irailak 20-urriak 4.
Non: Oiartzungo, Villabonako eta Zubietako plazak.

1. jardunaldia
Irailak 20, igandea
09:00 Sarako Izarra-Kapito Harri Zubietako plazan.
09:00 Noizbait 1-Luzean Oiartzungo plazan.
11:00 Txost-Behar Zane Oiartzungo plazan.


Kanporaketen fasea
Bi finalerdi, "1. fasean multzo bakoitzeko ligaxkan aurreneko bi postuetan sailkatutako taldeak gurutzatuz (hau da, A1 vs B2 eta B1 vs A2)".
Noiz: urriak 11ko asteburua.

Finala
Noiz: urriak 18.
Non: Oiartzungo plaza, eguraldiak txapelketaren martxa ez badu baldintzatzen.

Informazio gehiago: 57. Enrique Abril Errebote Txapelketa