"Guk Zubietan zer"

Mahai-inguruak eta lan saioak tartekatuko ditu Zubietako prozesuak

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 14a, 10:40

Urriaren 8an Zubietako frontoian aurkeztu zutena, hilabete inguruko prozesua izango da. EHU-ren artitektura fakultateko ikerketa taldeko kideek dinamizatuko dute.

Bi saio bi astean behin; Usurbil eta Donostiako udalen nahiz EHU-ko ikerketa taldekoen ikuspuntuak azaldu eta eztabaidatzeko hiru saio, eta haiei lotuta beste hiru lan saio praktiko. Segidan dituzuen gaiak jorratuko dituzte parte hartzaileek. Ekarpenak bildu, landu eta ondorioak urte amaieran aurkeztea aurreikusten dute antolatzaileek. Prozesuak emandakoa, Usurbilgo Udalak 2021. urte amaierarako hasieraz onartu asmo duen HAPO-an txertatu nahi dute.

Prozesua Zubietako frontoian garatuko da, beti ordutegi berdinean eta prebentzio neurriak hartuta. Pilotalekura sartu eta irtetea, ibilbide zirkular moduan egingo da, antolakuntzak egokitutako seinaleei erreparatu beharko zaie. Eskuak garbitzeko gela izango da, musukoa jantzita joan beharko da. Segurtasun distantzia mantenduta egingo dira saioak.

Frontoira sartu baino lehen, atarian, ondo begiratu. Horman, erakusketatxo bat duzue ikusgai. Abiatzear den prozesua dinamizatuko duen EHU-k hainbat lekuetan, tartean Zubietan, espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan eginiko lanen emaitzak.

Ingurumena eta mugikortasuna
Urriak 20: mahai ingurua.
Urriak 22: lan saioa.

Gizartea eta ekonomia
Azaroak 3: mahai ingurua.
Azaroak 5: lan saioa.

Hirigintza eta etxebizitza
Azaroak 17: mahai ingurua.
Azaroak 19: lan saioa.

Saioen ordutegia eta lekua: 18:30-20:00, Zubietako frontoia.
Aurrez izen eman helbide honetan: hirigintza@usurbil.eus
Sustatzaileak: Usurbil eta Donostiako Udalak, Zubietako Herri Batzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).