"Guk Zubietan zer"

Etorkizuneko herria marrazten hastera doa Zubieta

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 14a, 10:48

"Guk Zubietan zer" prozesua abiatzera doaz Zubietan urriaren 20an. Zubietaren etorkizuna marrazten hasteko hitza hartzeko aukera izango dute bertako bizilagunek.

Kirol eta kultur ekipamenduak, herri bizia, euskalduna, independentea eta sozialki aktiboa, erraustegirik gabekoa, udaletxeduna, bertako produktuak salduko lituzkeen denda batekin, garraio publiko erosoa lukeena, oinezkoentzako bidearekin, bidegorriarekin, gazte zein adinekoentzako bilguneekin, ibai bizia izango duena…

Hauek eta beste proposamen batzuekin irudikatzen dute bizilagunek haien etorkizuneko herri Zubieta. “Guk Zubietan zer” parte hartze prozesuaren urriaren 8ko aurkezpenean zubietarrek eginiko lehen ekarpenak dituzue.

Etorkizunean nola bizi, mugitu, harremandu… galderei erantzuten ahaleginduko dira, Usurbilgo Udalak Donostiakoarekin, Zubietako Herri Batzarrarekin eta EHU-rekin elkarlanean datozen asteotarako iragarri dituzten parte hartze saioetan. Ez dira orri huts batetik hasiko, aurretik Zubietan gaion inguruan herritarrekin eginiko lanketa hartuko dute abiapuntu gisa. Urrunago joan gabe, urte hasieran legealdiko lehentasunak finkatzeko parte hartze saioa egin zuten Kaxkapen. EHU-ko arkitekturako zenbait ikasle aritu ziren espazio publikoaren inguruko lan bat egiten Herri Batzarrekoekin eta zubietarrekin batera.

“Guretzat Zubieta bat eta bakarra da”
Eremua definitua du asteotako prozesuak; Usurbilek idazketa fase betean duen Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra (HAPO). Etorkizuneko Usurbil marrazten lagunduko duen tresna da honakoa; zer nolako espazio publikoak, etxebizitzak, jarduera ekonomikoak, ekipamenduak... izango ditugun zehaztuko du. 2014an hasi zuen Udalak aipatu plangintzaren berrikuspen prozesua. “Ordutik hainbat parte hartze prozesu egin, hainbat dokumentu onartu ditugu eta orain HAPOa idazteko prozesuan gaude”, adierazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Zubietan bideratu nahi duten ekimenaren aurkezpenean, hilaren 8an. Hasieraz onartu nahi lukete 2021. urte amaierarako. Bide honetan, erredakziora begira finkatu dituzten irizpide orokorrak ekarri zituen gogora: herritarren parte hartzea sustatzea “gure eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planteamendu bat egiteko”, hirigintza jasangarri eta ekologikoaren irizpideak txertatzea, genero ikuspegiarekin eta euskararekin batera.

Honenbestez, prozesu honetan Zubietako Usurbilgo lur eremua izango du jomuga. Baina Zubietaz aritu nahi dute. “Guretzat Zubieta bat eta bakarra da”, Usurbilgo alkatearen esanetan. Nahiz berezitasun batzuk badituen; dakizuenez bi udalenpean da. Horregatik prozesu honen diseinuan beharrezkotzat jo bezala, bidelagun izango ditu Udalak, Zubietako Herri Batzarra noski, baita Donostiako Udala ere.

Zubietako Herri Batzarretik interesgarritzat jotzen dute prozesua. Usurbilgo alkateak aipaturikoaren ildo beretik, “guk ere Zubieta bakar bat bezala ikusten dugu eta asko eskertzen dugu beraiek ere Zubieta osotasunean hartzea”. Donostiako Udala ere horretara gonbidatu zuen alkate Haritz Arrizabalagak. “Usurbilek hitza aintzat hartuko duen bezala eskertuko genizueke zuek ere zuen prozesu honetan ateratako ondorio eta erabakiak kontuan hartzea”.

Adostasunaren bidetik
Donostiako Udaleko udal gobernu taldeko gabinete buru Iñaki Gurrutxagak Zubietako zerbitzuak berrantolatzeko Herri Batzarrak eta hiriburuko zein Usurbilgo udalek sinatua duten akordioa ekarri zuen gogora. Eredugarritzat jo eta prozesu honetan ere “desadostasunak alboratu eta akordio gunera ailegatzeko” saiatzea galdegin zuen. Ezinbestekotzat jo zuen adostasunaren bideari heltzea, Zubieta bi udalerrirenpean dagoela jakinik.

Donostiak 2010eko 12 urterako plagintzan du indarrean, laster berria lantzen hastekotan dira. Orain artekoak jasoak dituen aurreikuspenez aritu zen; Alamandegi ekipamendu izateaz, zubi berri bat eraikitzeaz, hipodromorako bide berriaz, dentsitate baxuko etxebizitza berriez… Donostiako Udalak ondare arkitektonikoa babesteko duen plan berezia ere aipatu zuen, Zubietakoa ere babestuko lukeena. “Zubietak badu paisaiatik aparte, balore handiko ondare arkitektonikoa”, bere esanetan kontuan hartzekoa. Oria ibaia ere bai; Lanbide Heziketaren potentzialtasuna baita. “Prest geundeke adosteko nola handitu, zabaldu”.

“Zuen txanda da”
Asteotan bideratuko den prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu zieten erakundeok zubietarrei. “Zuen txanda da”, adierazi zien Usurbilgo alkateak. “Etorkizuneko Zubieta irudikatu, sortu eta herri antolapenaren zertzelada nagusiak zehazteko unea da”, Agurtzane Solaberrietaren esanetan. “Zuengandik tokikoaz duzuen jakintza jaso nahi dugu; nola bizi zareten, zer nahi duzuen etorkizunean”, EHU-ko arkitektura fakultateko ikertzaile taldeko kide Koldo Telleriak zioenez. Prozesu honetan, “iritzi guztiak izango dira ongi etorriak” gaineratu zuen. Zubietako alkatearen esanetan ere, “zubietarrentzat aukera oso polita da, guk ere asko ikasi dezakegu”.