Data berria

Zubietako espetxea 2021eko bigarren hiruhilekoan hasi daitezke eraikitzen

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 4a, 14:16

Balizko data berria du Zubietako espetxearen eraikitze lanen hasierak; 2021eko bigarren hiruhilekoa. Hala ziurtatu du Espainiako Gobernuko barne ministro Fernando Grande-Marlaskak EAJ-k Madrilgo Senatuan eginiko galderari erantzunez. Martuteneko espetxea noiz ixtea aurreikusten duten, Zubietara noiz lekuz aldatuko duten galdetu zioten asteartean jeltzaleek aipatu ministroari. Gogoan izan, Zubietako espetxea eraikitzen ez den artean, ezingo da Martutenekoa itxi eta Donostiako Udalak auzune horretan aurreikusiak dituen etxebizitzak ere ezingo ditu eraiki.

Lanak benetan hasi arte ezin jakin hala izango den; baina oraingoan badirudi baietz. 2021eko bigarren hiruhilekoan Zubietako espetxea eraikitzen hasi daitezke. Hala adierazi dio astearte honetako Madrilgo Senatuaren osoko bilkuran, Espainiako Gobernuko barne ministro Fernando Grande-Marlaskak, EAJ-k aipatu erakunde horretan duen senatari Maribel Vaquero Monterok eginiko galderari. Madrilek Martuteneko espetxea noiz ixtea aurreikusten duen jakin nahi zuten jeltzaleek. 

Zuzen erantzun zion Grande-Marlaskak. "Espainiako Gobernuak Martuteneko espetxea, zentro berriaren (Zubietakoari buruz ari zen) lanak amaitu ostean itxiko du". Zubietan, erraustegitik hurbil kokatuko duten kartzela berriaren ezaugarriak ere zehaztu zituen barne ministroak. "Norte 3" izena izango du espetxe gune berriak. 41 milioi euro pasatxoko lizitazio aurrekontua du. 232 ziega bikoitz izango ditu, efizientzia teknologikoan oinarrituko da, "energia eta ura bezalako baliabideen erabileran", energia berriztagarriak sustatzearekin batera. Espetxe berriaren diseinuak bizigarritasuna eta batez ere Grande-Marlaskak garrantzizkoenetzat jo zuena, birgizarteratze programak izango ditu ardatz. 

Ministroen Kontseiluak asteotan onar dezake
Aipatu moduan, atzerapen berririk ez bada, 2021eko 2. hiruhilekoan abiarazi nahi dituzte Zubietako espetxe berriaren eraikitze lanak. 22 hilabetez luzatuko direla aurreikusten du Espainiako Gobernuak. Proiektu hau gauzatzeko urrats berriak eman asmo dituztela ere aurreratu du astearte honetan Madrilgo Senatuan, barne ministroak. "Ministroen Kontseiluak, kontratazio espedientea azaroa honetan behin betiko onartzea eta jarduketarekin ahalik eta lasterren hastea espero dugu" Grande-Marlaskak oroitarazi zuenez, 2011ko apirilean, duela 9 urte, Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak hitzarmen batean jaso zuten moduan.

"Titular eta promesa asko baina galdera bat erantzuteko, Martuteneko espetxea noiz itxiko duzuen behin betiko", erantzun zion EAJ-ren senatari Maribel Vaquerok. Proiektua gauzatuko zela esan bai, baina zenbat atzeratu den gogorarazi zion barne ministroari. "2010ean obrak 2011n hasiko zirela. 2011n 2014a finkatu zen Zubieta irekitzeko. 2012an proiektua geratu zen. 2013an berriz martxan jarriko zela baina dimentsionatuta, 2014an aurreikusten zirela lanak, 2015ean 2019ra arte atzeratuko zirela".

"Argia ikusten ez duen proiektua izaten segitzen du"
Martuteneko espetxea ixteko beharraz ohartarazi zuen EAJ-k Espainiako Gobernuko ordezkaria. "Zuk dakizun bezala, Martuteneko espetxeak gabezia garrantzitsuak ditu egitura eta funtzionalitate aldetik, zigorraren birgizarteratzea galarazten duena". 2018an Espainiako Gobernuak ere lantzen ari zen arlo honetako plan berri batek, 2006-12 urte artekoak bezala Martuteneko kartzelaren itxiera aurreikusten zuela. Azken lau urteotan, 2011ko estatuko aurrekontuetan bezala egitasmo honi bideratzeko partidak txertatu zirela gogorarazi zuen EAJ-k. Egoeraren larritasuna ikusita ere, ezer gutxi egin dela aurpegiratu zion Espainiako Gobernuko ordezkariari. "Argia ikusten ez duen proiektua izaten segitzen du". 

Horrek duen arriskuarekin. Uholdeak izateko arrisku betean den irla isolatu batean geratu da Martuteneko espetxea EAJ-ren esanetan, bere inguruko lur eremu guztia Urumeatik 7 metro altxa ostean. Donostiako Udalak 800 etxebizitza eraiki ditu bertan, "baina bigarren fasea, 359 etxe falta dira. Egungo espetxea Zubietara noiz lekuz aldatuko zain direnak". 

Martuteneko errealitatearen berri izan badutela erantzun zion barne ministroak, baita helburu sozial batekin aurreikusiak dauden etxebizitza proiektuen berri ere. "Horregatik are gehiago kezkatzen gaitu Zubietako espetxearen lanak azkartzea", erantzun zion EAJ-ri.