"Guk Zubietan zer"

Etorkizuneko Zubieta marrazteko azken parte hartze saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 08:49

"Guk Zubietan zer" prozesuaren baitako azken parte hartze saioa ostegun honetan; hirigintza eta etxebizitza gaiak hizpide izango dituen lan saioa antolatu dute 18:30etan Zubietako frontoian.

Zubietarrak etorkizuneko haien herriaz erabakitzen ari dira asteotan, "Guk Zubietan zer" prozesuaren baitan. Aste honetarako iragarri dituzte hirigintza eta etxebizitza gaiak ahotan hartuko dituzten azken bi saioak. Azkena gaurko:

"GUK ZUBIETAN ZER"
Hirigintza eta etxebizitza
Azaroak 19: lan saioa.

Saioen ordutegia eta lekua: 18:30-20:00, Zubietako frontoia.
Aurrez izen eman helbide honetan: hirigintza@usurbil.eus
Sustatzaileak: Usurbil eta Donostiako Udalak, Zubietako Herri Batzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).


Emaitza, Usurbilgo HAPO-an
Prozesuko sustatzaile diren Zubietako Herri Batzarreko, Usurbilgo zein Donostiako udaletako nahiz, parte hartze saioak dinamizatuko dituen EHU-ko ordezkarirekin batera herritar talde bat batu izan da aurreko saioetan. "Guk Zubietan zer" aldarripean abiaturiko ekimenaren lanketa eremua zehaztu zuten. "Prozesua ez da nik zer nahi dudan, baizik eta zer egin behar dugun etorkizun iraunkor bat izateko", gizarte, ekonomia eta ingurumenaren arteko oreka puntua lortze aldera, "ingurumen eta gizartearen artean egoera bizigarriago bat izateko, ekonomia eta ingurumen bideragarria izateko edota gizarte eta ekonomia bidezkoa osatzeko".

Herritarren ekarpenez hornituko da prozesua, eta emaitza, Usurbilek 2021. urte amaieran hasieraz onartu asmo duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean (HAPO) txertatuko dute. "Iritzi eta ideia guztiak ongi etorriak dira. Denok saiatu behar gara ideia eta iritzi guztiak ulertzen", eta ekarpen guztiekin, "adostasun batera iristen saiatuko gara", iragarri zuten.

Zubietaren etorkizuna marrazteko prozesua ez dute hutsetik hasi, urriaren 20ko lehen mahai-inguruan oroitarazi zutenez. EMUN-ek duela urte gutxi eginiko hausnarketaren bueltan adibidez, zubietarrek ingurumen eta mugikortasun gaietan lehentasuntzat jo zituzten kezkak edota eskaera plazaratu zituzten. Egun hartako parte hartze saioan oroitarazten zutenez, "indar gehiena" zuten kezka edo eskaerak honako hauek ziren: ibaiaren berreskuratzea, herri baratzeak, ardura energia eta hondakinen kudeaketarekiko, erraustegia, Usurbil eta Oriorekin bidegorri bidezko lotura, sarrera eta irteera hobeak izatea, motorizazio gutxiago izatea herri barruan, oinezkoentzako bide egokiagoak herri barruan... Hortxe ingurumen eta mugikortasunari dagokionez, bere garaian zubietarrek eginiko hainbat ekarpen. 

Zubieta "irlatxo bat", inguruaren garapenean
Atzera begira ere jarri ziren. Iragan mendeko 50. hamarkadaz geroztik Zubietak eta inguruak izan duen eraldaketa aztertu zuten. Etxebizitza berriak tarteko Kaxkoa aldatu eta hazi dela bai baina gainerakoan Zubieta baino ingurua are gehiago aldatu dela ondorioztatu zuten. "Inguruko lurralde guztiak eragin asko jasan ditu eta bere inguruko lurralde guztiaren garapenean Zubieta hor geratu da irlatxo bat bezala".

Inguru horrekin herritarrek duten loturaz ere aritu ziren eta denborarekin aldatu ote den edo ez. "Lurraldearekin askoz harreman hurbilagokoa zuen lehengo egoeran egun baino. Lurraldearekin harreman berezi edo desberdin bat ikusten dugu, esan nahi duena da bizimodua ezberdina zela". 

Zubietak duen ondarea balioan jarrita, argi zioten; "orain da momentua pentsatzeko zer harreman izan nahi duzuen zubietarrek eta usurbildarrek inguru horrekiko. Orain izango da momentua galdera hauei erantzuten hastekoa, definitzen hastekoa".