"Probaldi fasean" jarri zutenetik kea dariola igaro duen urtea bete berri duen Zubietako erraustegia albiste izan dugu azken egunotan berriro ere; oraingoan baimen baten harira. Eusko Jaurlaritzak industria jarduerari lotuta, energia sortu ahal izateko baimena eman zion abuztuaren 19an behin-behinean Zubietako erraustegiari. Gerora, energia sortu ahal izateko beharrezkoa duen transformagailua erre zen, Alemaniara konpontzera eraman zuten eta hura ordezkatzeko askoz potentzia txikiagoko transformadoreak jarri zituzten. Transformagailuak konpontzeke segitzen zuen eta azaroaren 15ean bertan behera geratu zen Jaurlaritzaren baimen hura.
Azaroaren 15ean arazoak konpondu gabe segitzen zuen eta Ekondakin enpresak baimen haren luzapena eskatu arren, ez zioten aipatu baimena luzatu. Egunotan hedabide hainbatek berri eman duten moduan, egoera honen aurrean, GuraSOSek erraustegiaren jarduera etetea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Egoera horretan zela eta zenbait hedabideek gertatzen ari zena argitaratu ostean, EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak ostiral goizean eskaera argia plazaratu zuen; "egoera irregularrean dagoen erraustegiak bere jarduera eten behar du". Zubietako erraustegia beharrezko baimen guztiak izan gabe lanean ari zela salatu zuten. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Jose Ignacio Asensioren berehalako agerraldia eskatu zuten.
Ordu batzuk beranduago, bi eragile politikook adierazitakoa gezurtatu zuen foru ingurumen diputatu eta GHK-ko lehendakari Jose Ignacio Asensiok. Erraustegiak, hondakinak erre eta erraustutakoa energetikoki balorizatzeko baimena zuela adierazi zuen.
Eta antza une horretan ez, baina hedabideen aurrera agertu eta ordu batzuk beranduago, azken orduotan zenbait hedabideek argitaratu duten Eusko Jaurlaritzaren ondoko baimena publiko egin zuen Foru Aldundiak.
Lehenik ukatu, gero baimendu
Jaurlaritzak neurri batean egunotan gertaturikoaren kontakizuna egiten du. Batetik, egunotan berri eman den moduan, azaroaren 15ean eten zela Gasteizek Zubietako erraustegiari behin-behinean emandako aurreko baimena. Aipatu planta kudeatzen duen Ekondakinek baimen hura luzatzeko eskaerari ezezkoa eman ziotela ere aitortzen du Jaurlaritzak. "Abenduaren 1ean ukatu dizuegu horren balioa luzatzea, izan ere konpontzen dagoen transformadorea jaso arte ezin duzue egintzekin aurrera egin", argi zioen Jaurlaritzak.
Baina era berean honakoa dio; "2020ko irailaren 25az geroztik 20-GE-X 2020-50 aldi baterako instalazioa abiarazita duzue, eta horrek aurrekoa ordezkatzen du". Aldi baterako jarri duten instalakuntzari bai, baimena eman diote. Sei hilabeteetan desmuntatzea eskatzen du Jaurlaritzak. Agiriak aurkeztu direnez, "instalazioa abian jar dezakezuela" dio Jaurlaritzak.
Hemen, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak, atzo bertan, abenduaren 4an hartu zuen erabakia.
GOI TENTSIOKO INSTALAZIOAK
2020ko abenduaren 2an, 20-AT-J 2018-1 espedientearen jatorrizko goi tentsioko instalazioa behin-behinean abian jartzeko beste akta bat emateko eskatu duzue, eta horren epea baldintzatu transformadorea jaso, instalatu eta eskaturiko probak egiteko denbora izateko adinakoa izan dadin.
Azaroaren 15ean bertan behera gelditu zen abuztuaren 19an emandako behin-behineko aurreko aktaren baliozkotasuna; horrez gain, abenduaren 1ean ukatu dizuegu horren balioa luzatzea, izan ere konpontzen dagoen transformatorea jaso arte ezin duzue egintzekin aurrera egin.
Adierazten dizuegu, konponketa izan, probatu eta beharrezko ziurtagiriak izan arte, 20-AT-J 2018-1 espedienteko jatorrizko instalazioak, egun zerbitzuz kanpo dagoena, ez duela behin-behineko abian jartzeko aktarik behar.
Edonola ere, 2020ko irailaren 25az geroztik 20-GE-X 2020-50 aldi baterako instalazioa abiarazita duzue, eta horrek aurrekoa ordezkatzen du.
Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren IV atalak ezarririkoa aplikagarria da. Dekretu horrek arautzen ditu energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak.
Kasu honetan, instalazioarentzako administrazio-baldintzak hirugarren taldeko instalazioen, aldi baterako instalazioak, parekoak direla ulertzen dugu.
Horregatik, 21 artikuluak xedatzen du, behin beharrezko agiriak aurkezturik, dagoeneko egin duzue, instalazioa abian jar dezakezuela.
20-GEX-2020-50 espedientea ebatzirik egotean, Lurralde Ordezkaritza honek dagokion abian jartzeko akta emango dio aldi baterako instalazio horri.
Era berean ohartarazten dizuegu 22 artikuluak ezartzen duela, behar bezala justifikaturiko salbuespenetan izan ezik, aldi baterako instalazioak gehienez sei hilabeteko epean desmuntatu beharko direla, eta bost eguneko epen eman beharko diozue horren berri energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzari.
Adeitasunez,
Donostia, 2020ko abenduaren 4a