Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko barne ministroa Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela bisitatzen izan da Donostian ostiral honetan, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAE-n duen ordezkariarekin batera. Euskal erakundeetako ordezkaritza bat bildu da haiekin: Eusko Jaurlaritzaren justizia sailburuorde Ana Agirre, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkari Guillermo Echenique, Donostiako alkate Eneko Goia, Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi Angel Luis Ortiz eta espetxeetako azpiegitura eta ekipamenduen eta Estatuko Segurtasunaren sozietateko ("SIEPSE" izenekoa) lehendakari Mercedes Gallizo.
Lan bilera gisa definitu duten saioan, Zubietako Eskuzaitzetan kokatuko duten proiektua aurkeztu dute. Datorren udaberrian, hasi asmo dituzte eraikitze lanak. Grande-Marlaskak balizko irekiera data ere finkatu dio proiektuari: 2021eko udaberrian ekin nahi diete lanei eta 22 hilabeteko epean amaitu nahi dituzte. Ondorioz, 2023ko udaberrian ireki nahi lukete Martuteneko egungo espetxea ordezkatuko duen Zubietako azpiegitura berria.
Grande-Marlaskak hain zuzen, 1948. urtean eraikitako Martuteneko kartzela zaharkitua geratu dela nabarmendu du, modernotzat jo duen egungo espetxe sistemara egokitzea ezinezkoa zaiola ziurtatu baitu. Helburu zigortzaileekin diseinatutako espetxea izan zela ordukoa aipatu du, egungo sistemak ordea "presoa birgizarteratzeko mandatu konstituzionala" lehenesten duela dio. Martuteneko espetxearen zaharkitzeak bultzatu duela Espainiako Gobernuko Barne Ministerioa Eskuzaitzetako proiektu berria eraikitzera.
Obrak otsailean esleitu nahian
41 milioi eurotik gorako aurrekontua du egitasmoak, 35.923 metro karratu okupatuko ditu erraustegitik hurbil Zubieta gainean eraikiko den azpiegiturak. 234 ziega bikoitz izango ditu, "Centro Penitenciario Norte III" izena izango duen kartzela berriak. Espainiar estatuko modernoenetarikoa izango dela aurreratu du barne ministroak. Donostiako erdigunearekin ezinhobeto komunikatua egongo dela ere ziurtatu dute. "Zerbitzu guztiak espetxearen beharretara egokituko dira, langile, preso eta senideen joan etorriak errazteko".
Azaroaren 13an esleitu zuten proiektua. Obrak udaberrian hasi ahal izateko, otsailean Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluan esleituko dituztela aurreikusten du Grande-Marlaskak. Denis Itxasok sare sozialen bidez, proiektu honekin bete nahi diren bi helburu nagusiak nabarmendu ditu; "espetxe zerbitzuak hobetzea eta Donostiako hirigintza garapena erraztea". Donostiako Udalak Martutenen eraiki asmo dituen etxebizitzetarako espetxea itxi beharra dute eta horretarako , Zubietakoak zabalik egon beharko du.
Albiste honetan beherago dituzue (erdaraz noski) Zubietako espetxe berriaren ezaugarri nagusiak bi irudietan. Hemen bestela, zerrendatuak:
-6 modulutan banatutako 234 siega bikoitz izango ditu. Moduluetako bat emakumeentzat izango da, 25 ziegekin.
-Gizarte integraziorako zentroa 52 gelekin.
-Ingresoetarako modulua, 36 ziega.
-7 ziega izango ditu "erregimen diziplinariorako", baina 1. graduko presoentzako gelarik ez da izango.
-Kirol eta kultur ekintzetarako eraikina izango du.
-Ordaindutako lana egiteko ekoizpenerako bost tailer presoentzat.
-Zerbitzu orokorretarako eraikina: erizaintza zerbitzua 15 ohe, sukalde eta garbitegiarekin.
-Kanpoko komunikazioetarako eta bideokonferentzietarako eraikina, bideokabina sistema berritzaile batekin.
-Administrazio lanetarako eta zaintzaileentzako eraikina.