Zubietako erraustegia

Erraustegia guztiz martxan dagoela adierazita, hondakinen kudeaketaren arazoa behin betiko konpondutzat jo du Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 14:08

Egun historikotzat jo dute ostiral hau Gipuzkoako agintariek; Zubietako erraustegira egin duten bisitan, azpiegitura guztiak ehuneko ehunean lanean direla ziurtatu dute. Eta honenbestez, "aro berri" bati ekin diola Gipuzkoak; hondakinen kudeaketaren behin betiko irtenbidea martxan dela goraipatu dute.

Duela urtebetetik kea zerion jada; ofizialki 2019ko azaroan jarri zuten "probaldi" fasean. Ordutik sarritan ikusi dugu ke zutabe ikaragarriarekin erraustegia. Halere Gipuzkoako Foru Aldunditik iragarri dutenez, orain dago ehuneko ehunean martxan. Ostiral honetan Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta ingurumeneko diputatu nahiz Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren lehendakari Jose Ignacio Asensiok "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deitzen diotena, erraustegia alegia, bisitatu dute, historikotzat jo duten ostiral honetan.

"Aro berri bati ekin diogu", azpimarratu dute. Zabortegien garaia amaitutzat eman dute; honakoa, "ekonomia zirkularrean oinarritutako Gipuzkoa baten hasiera" dela esan dute. Gipuzkoak hondakinen kudeaketak "behin betiko irtenbidea" duela martxan.

Egun historikoa, Gipuzkoako hondakinak tratatzeko azpiegitura guztiak erabat martxan direla diotelako. Eta iragarpen bat ere egin dute; "une honetatik aurrera, Ekondakini zerbitzua ordaintzen hasiko zaio".

Beste behin, erraustegia Europako instalazio modernoenetakoa eta "puntakoenetakoa" dela nabarmendu du Ahaldun Nagusiak, "eta gizarte gisa sortzen ditugun hondakinak kudeatzeko berezko gaitasuna eskaintzen digu. Gainera, bere jarduera kontrol publikoaren pean egongo dela bermatuta”, gaineratu du Olanok.

Ekonomia zirkularra sustatu eta "energia-eraldaketarako" urrats sendoa eman dela nabarmendu dute, "gure gizartearen berreskuratze berdea bultzatzeko", esan dute. 

Zenbakitan
Gipuzkoako Foru Aldunditik guztiz martxan diren Zubieta gaineko azpiegiturez ondoko zenbakiak plazaratu dituzte:
-Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantak 162.000 tonako edukiera izan eta urtero Gipuzkoako 135.000 tona tratatuko ditu. Errefusarekin nahastutako material birziklagarrien %8-10 berreskuratuko dute.
-Gipuzkoako birziklatze-tasa egungo %54,94tik (Usurbilek ia %90ekoa du) %63ra igoarazi nahi dute azpiegitura hauekin.
-94.000 tona CO2 isurtzea saihestu nahi dute.
-Hasierako inbertsioa: 217 milioi euro.
-Zuzeneko 80 eta zeharkako 100 lanpostu sortuko direla aurreikusten dute.
-Erraustegiak urtero 160.000 MWh sortuko omen ditu, 45.000 etxebizitza eta 130.000 persona energia elektrikoz hornitzeko adina energia.
-Tratamendu Mekaniko-Biologikoko plantak eta erraustegiak (balorizazio energetikoko instalazioa deitzen diotenak) 100.000 tona hondakin baino gehiago tratatu dituzte eta 4 milioi kWh energia sortu ditu. %84 sare elektrikora isuri da.