"Lehendik informatu genuenez, Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ToxicoWatch (TW) fundazio holandarrari eskatu zioten Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa bat egitea…herritarrak ezin direlako fiatu ez erraustegia kudeatzen duten enpresen eta ez Gipuzkoako agintarien kontroletan; enpresak eta agintariak denak saltsa berean nahastuta baitaude, Arkaitzerrekan zientoka arrain hil dituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi duen moduan", dio Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Erraustegia martxan jarri aurretik, 2019ko irailean egin zuten lehen lagin bilketa, behin aipatu planta martxan jarrita datuak urtez urte alderatzen joateko. Iaz iraila aldera egin zuen moduan, asteotan ere laginak biltzen ari da erraustegia inguratzen duen zonaldean. Holandako ToxicoWatch Fundazioak aztertuko ditu gero. Iazkoak bezala, 2019koak jada "entregatu dituzte beren analisien emaitzak", berri eman du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
"Ikerketa honetarako honakoak aztertu dira: erraustegitik hurbil bizi diren emakume-amen esnea, oilategietako oiloen arrautzak, landareak eta orriak (Pinus radiata pinuenak, Ilex aquifolium gorostiarenak, Ulex europaeus otearenak), goroldioa, lurra, errekako sedimentua eta ura", azaldu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Oilategietako arrautzen laginen emaitzak
Arrautzei dagokienean, erraustegitik 5 kilometroko eremuan dauden eta herritarrek autokontsumorako dituzten eta libre hazitako 10 oilategietako oiloen arrautzak aztertu dituzte, "adierazle onak direlako lurreko dioxina bidezko kutsadura ezagutzeko eta arrautzak direlako inguruan diren dioxina eta beste POP gaiak gizakiengana iristeko bide nabarmena".
Horretarako, "kokaleku guztiak bisitatu dira ikusteko bakoitzaren inguruan ba ote den beste dioxina edo PCB iturri nahastailerik. Segurtasunezko biltegia osatzeko, hartu dira leku bakoitzeko lurraren, oiloen janariaren eta zenbait landare zehatzen laginak ere", Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik argitu dutenez.
Emaitzei dagokienez, hamarretik bost oilategietan "oiloen arrautzek osorik betetzen dituzte Europar Batasunak dioxinez dauzkan arauak. Beste bi oilategitako arrautzen dioxinek berdintzen dute mugatzat ezarritako maila. Eta hiru kokagunetako arrautzetan dioxinek gainditu dituzte arriskurik gabe jan ahal izateko mailak". Azken hiru kasuotan, egoera jabeei jakinaraztearekin batera azaldu zaie, "oilategien inguruetan kutsagarri horien presentzia esplikatu dezaketen zein fabrika edo azpiegitura egon daitezkeen".
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, ez da harrigarria arrautzetako dioxinen presentzia. "Gipuzkoa bezalako lurralde oso industrializatu eta hiritartuan inor ez luke harritu behar arrautza eta beste jakietan kutsagarriak aurkitzeak, izatekotan hori da arrazoi are larriagoa erraustegia bezalako alferrikako enpresa kutsagarri berri gehiago ez eraikitzeko".
Metal astunen arrastoak
Landare, lur, ur eta sedimentuen laginak ere hartu dituzte erraustegitik 2 kilometroko eremuan, "dioxinak, dioxinak bezalako PCBak, aktibitate estrogenikoa eta metal astunak" aztertzeko. Emaitzak eskutan, "dioxinek eta dioxinak bezalako PCBek kopuru txikiak erakutsi dituzte lurzoruan eta Pinus Silvestris pinuaren orrietan ez dira iritsi detektatu ahal izateko kopurura ere. Uren laginetan ez da kasik jarduera estrogenikorik aurkitu, soilik igoera txiki bat erraustegiaren oso inguruko sedimentuetan. Metal astunei dagokienez, lurzoruan eta landareetan ageri dira inguruotan urteotan zenbait industriak eduki duen jardueraren arrastoak. Lurzoru eta landareei dagokienez, aurrez hautatutako sei kokaguneetatik bost erabiltzeko egokitzat jo ditu ToxicoWatchek".
39 emakume-amen esnea
Iaz, ikerketa hau martxan jarri zela, lerro berri bat zabaldu zuten; emakume-amen esnea. 39 emakumeek parte hartu zuten ikerketan. "Horien emaitzek dioxina eta PCB maila txikiak erakutsi dituzte. Atal hau kontrolatzeko asmoa dago, bularreko esnea emateko prest dauden amekin elkarlanean. Jakinda ondorengo urteetan beste ama ezberdin batzuk izango direla emaileak, alderaketak zorrotz egiteko neurriak zehaztu ditu ToxicoWatchek, esnea eskaintzeaz gain ama horiek beteko duten galdetegia prestatuz".
Ikerketa laguntzeko deia
Gipuzkoa osoan sortutako hondakinak erretzen ari direnez Zubieta gainean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak gogorarazten duenez, "Gipuzkoako instituzio eta herritar guztiei dagokie horien erreketak inguruan barreiatzen duen pozoiaren ardura ere". Deia gipuzkoarrei eta herrialdeko udalei; kutsadura kontrolatu eta osasun zein ingurumenaren babesaren ardura duten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak "beren ardurak betetzen ez dituztenez, Zubieta Lantzen eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten die bai Gipuzkoako udalei eta bai Gipuzkoako herritarrei diruz babestu eta lagundu dezatela jadanik hasi eta ondoko urteetan jarraituko dugun kontrol herritar hau".
Orain arte hainbatek egiten duten moduan, "zenbait erakundeek eta herritar askok beren diruz lagundu" baitute ikerketa hau.
Erraustegiak eragindako kutsadura kontrolatzeko 6 arrazoi
"Zergatik da hain inportantea Zubietako erraustegiaren kutsaketa oso hurbiletik kontrolatzea?", galdetzen du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. ToxicoWatch Fundazioaren arabera 6 arrazoi daude:
-Erraustegiek gaur egiten dituzten kontrolek , –jabeari aurretik abisatuta egiteaz gain– ordu gutxi batzuetako emisioak neurtzen dituzte: erraustegiak 8.000 ordu egiten baditu lanean, horien %0,1 baizik ez.
-Erraustegien jabeek beren nahieran erabiltzen dituzte Airearen Kutsadura Kontrolatzeko Mekanismoak.
-Kontrolak egiten dituzte soilik erraustegia “ohiko funtzionamenduan” ari denean, baina jakina da kutsagarri gehienak emititzen direla “ohikoak ez diren uneetan, labeen piztu-itzalietan, filtroen aldaketetan, eta abar. OTNOC).
-Europar Batasunak soilik dioxinak eta furanoak soilik arautzen ditu baina ez beste kutsagarri organiko iraunkorasko: dl-PCBak, dioxina brominatuak eta PFOSak.
-Erraustegien aldekoek diote tenperatura jakin batean desegiten direla dioxinak eta beste kutsagaiak, baina gero ez dago behar bezala bermatuta erretako masa guztian gutxieneko tenperatura hori lortzea.
-Gaur egun etxeetako hondakinak gero eta neurri handiagoan jo ditzakegu hondakin industrialtzat, kiskaltzera bidaltzen diren materialen osaketagatik. Horregatik tenperatura handiagotan erretzea eskatzen dute, esaterako 1.100ºC harrapatuz konbustio osteko gunean, eta ez gaur eskatzen diren 800ºCetan.
Informazio gehiagorako: erraustuez.org