"Guk Zubietan zer"

"Guk Zubietan zer?" prozesuko ondorioen aurkezpena asteartean

Udazkenean zehar abian izandako prozesuan lantzen joandakoa aurkezteko garaia heldu da; Zubietaren etorkizuna marraztuko duen "Guk Zubietan zer" parte hartzeko ekimenaren ondorioak aurkeztera doaz astearte honetan, abenduaren 15ean.

Zubietarrek hitza hartu dute eta egin duten lanketaren ondorioak aurkezteko unea heldu da. "Guk Zubietan zer" urritik azarora egindako parte hartze prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte astearte honetan, abenduaren 15ean, 18:30etan Zubietako frontoian. Bertaratu asmo dutenek hirigintza@usurbil.eus helbidean eman beharko dute izena.

Gogoan izan, Usurbilgo Udalak 2021ean hasieraz onartu asmo duen Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) etorkizuneko Zubieta ere marraztuko du. Horretarako ordea, aurrez zubietarrei eman nahi zieten hitza, urriaren 8an hasi eta hilabetez martxan izan duten "Guk Zubietan zer" parte-hartze prozesuaren bidez.

Prozesu horretan zubietarrek eginiko ekarpenak gero Usurbilgo HAPO-an txertatuko dira eta plangintza honek "hurrengo 10-15 urterako Usurbil marraztuko du", Udalak iragarri duenez.

Aginagan aurrekaria
Plangintza honen lanketaren baitan, "herriko hainbat tokitan, tokian-tokiko herritarrekin halako parte-hartze prozesuak egin izan ditu udalak". Horren adibide Aginagan bideratua duten lanketa. “Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko”, alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan.

Aginagan bezala, "nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea erabaki dute" Zubietan. Helburua argia da: "etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten". Prozesuaren nondik norakoak Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak landu dituzte. "Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu diete egitasmoa: haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute".