Aspanogi Elkarteko haurrentzako opariak Lanbide Eskolatik

Lanbide Eskolak beste zenbait ikastetxerekin batera, Aspanogi elkartekoentzako opariak prestatu dituzte. 

Elkartasun ekimen baten berri lerrootan; Lanbide Eskolatik heldu zaigun albistea. "BALIOAK 4.0. proiektuaren baitan, ASPANOGIko haurrentzat opariak prestatzen aritu dira Administrazio Kudeaketako ikasleak, Inmakulada Lanbide Ikastola, Easo LHII, eta AEGrekin batera. Aurten, Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, bakoitza bere ikastetxean, baina digitalki bat eginda prestatu dituzte panpinez eta beste hainbat osagarriz betetako poltsatxoak", berri eman dute Lanbide Eskolatik.

Aipatu proiektuari buruzko xehetasunak ere helarazi dizkigute aipatu ikastetxetik. "BALIOAK 4.0. TKNIKAk bultzatzen duen proiektua da. Pertsona hobeak prestatzea eta beren lanarekin mundua hobetzen lagunduko duten profesionalak heztea da helburua. Horretarako enpatia, erresilientzia, konpromezua, solidaritatea, elkarlana eta erantzukizuna bezalako balioak lantzen dira ikastetxean".

Aspanogi elkarteak, Gipuzkoako haur onkologikoen familiak biltzen ditu. Informazio gehiago esteka honetan: aspanogi.org