Gertakari berri bat, lehendik ere ezbehar ugari gertatu ziren Zubietako erraustegian. Astearte arratsaldeko 15:00etan Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko zentroak, SOS Deiak-ek zabaldu du oharra sare sozialen bidez; sutea piztu dela Zubietako erraustegian. Oraingoz ez dute argitu sutea zerk eragin duen. Aipatu sare sozialeko kontu horretatik aditzera eman dutenez, enpresako langileek ezin izan dute haien kontutik itzali eta larrialdi zerbitzuen laguntza ezinbestekoa izan dute sutea mendean hartzeko. Itzali dutenik ordea ez du baieztatu iturri ofizial honek. "Zubietako erraustegian sute bat piztu da. Enpresako langileek larrialdi zerbitzukoen laguntzarekin, sutea kontrolpean dute", ohartarazi du SOS Deiak-ek.
Sutea kontrolpean baina itzaltzeke dutela ulertarazi du larrialdi zerbitzuen txioak, sutea itzali artean inguruan kea izango dela ohartarazi baitute. "Sutea erabat amatatu arte kea izango da inguruan".
"Zer gertatu da?"
Momentuz Zubietako erraustegian zer gertatu den bestelako xehetasunik ez da ezagutzera eman. Eta herritarrak zer gertatu den galdezka hasiak dira. Tartean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta. "Albiste onik ez, berriz ere, erraustegitik. Zer gertatu da? Ze erre da?", adierazi du albistea ezagutzera eman eta gutxira sare sozialen bidez. Gertatu denarekiko kezka agertu eta argibideak eskatu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Kezkaz gaude inguruan bizi garen herritarrak. Informazio osoa, gardentasuna eta kontrol publikoa exijitzen dugu", adierazi du alkateak.
Ez da lehen "gertakaria"
Zubietako erraustegian gertatzen denaz galdezka ibiltzea ez da kontu berria, ezta beharrezko argibiderik ez izatea ere. Herritar edota eragile ezberdinei esker jakin da azken urteotan Zubietako erraustegiaren eraikuntza prozesuan nahiz probaldi fasean izan diren intzidentzien berri. Gaurkoa izatez, erraustegia "ofizialki" guztiz martxan izan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 11n iragarri bezala "normaltasun osoz" lanean dabilenetik izan den lehen "ezustekoa" litzateke. Aipatu abenduaren 11n "ofizialki" normaltasun osoz lanea ari zirela berri eman zuten Gipuzkoako agintariek.
"Normaltasun" horretatik urruntzen dute ordea gaur izandako suteak baita azken urteotako beste hainbat gertakariek ere; hor ditugu 2019ko ekainean transformagailuan izan zen leherketa, iragan iraila hasieran izan zen matxura. 2020ko maiatzean Zubietako bizilagunei esker ezagutu genuen Arkaitzerrekako hondamendia; erraustegiaren eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituen.
GuraSOSen agerraldia
Gaurko suteari buruzko xehetasun gehiago eta beste albiste bat ere iragartzekoa da GuraSOS asteazken goizean Donostian deitu duen prentsaurrekoan.
Oharra: albiste honi atxikitako argazkia 2020ko udazkenekoa da.