EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskatu zuten foru ingurumen diputatuaren lehen agerraldia. Azken bi urteotako gertakariak ekarri zituzten gogora; 2019ko udazkenean transformagailuan izandako leherketa. “Konektatzen saiatu zineten beharrezko baimenik gabe eta leherketa izan zen”, zioen EHBilduren batzarkide Ainhoa Intxaurrandietak. Ondorioz, Ekondakini “bi arau-hauste larriengatik” espedientea ireki zitzaion. Baita amoniako isuriak iragan maiatzean Arkaitzerrekan hildako ehunka arrainen ezbeharragatik ere. Eta irailean matxura transformagailuan, ondorioz ezin izan ziotela berritu ingurumen baimena; Alemaniara konpontzera eraman eta aldi baterako ordezko sei alokatzen dituzte, “sortutako energia ezin dute sareratu” zioen Intxaurrandietak. Eta bi talde politiko hauen esanetan ondorioz, “instalakuntza ezin da inskribatu energia elektrikoaren ekoizleen erregistroan, behin behinekoa izan eta potentzia baxuagokoa izateagatik”, Elkarrekin Gipuzkoako ordezkari Arantza Gonzalezek gaineratu zuenez. Nahiz erregistro hau planta martxan jartzeko ezinbestekoa izan.
“Beste Zaldibar bat izan behar dugu hemen neurriak hartzeko?”, galdetu zuen Intxaurrandietak. “Ez dugu uste beharrezko baldintza guztiak betetzen dituenik. Erraustegiaren funtzionamenduaz, herritarren segurtasunaz eta langileez ari gara, ez baitugu Zaldibarko zabortegian jazotakoa gertatzerik nahi”, zioen Gonzalezek. Gogorarazi zuenez, “duela urtebete bi gertakari industrial larri eta kimiko bat ingurumenaren aurka, berri eman ez zena. Hiruko erregela baliatuta, 35 urteko kontratuan ehunetik gora gorabehera egon daitezke. Guretzat hau txapuza bat da”.
Asensiok GHK-k gardentasun eta arduraz jokatu dutela erantzun zien. “Benetan zer gertatu da? Denek dakiten moduan, Gipuzkoako Ingurumen Gunea bere osotasunean martxan jarri dela eta hori batzuei ez zaie ezer gustatzen”. Transformagailuaren matxurari buruz aipatu zuen, ordezkoekin eskuratu duten behin behineko baimenaren luzapenak funtzionatzen hastea ahalbidetzen diela eta transformagailu nagusia konpondutakoan, “behin betiko baimena eskatu beharko da”. Horrez gain, “ingurumen baimena behin betikoa da, ezin da jendea nahastu arduragabekeria politikotik”. Asensioren esanetan Zubieta gaineko azpiegitura sareak “saihesten du Zaldibar eta zabortegiak izatea”.
“Diputatua azaltzera etorri dena, gertatu dena da”
PP-tik Juan Carlos Canok erraustegiaren proiektua babestu zuen. “Sistema bat dugu gehiengo osoz instalatua. Arazoak egon dira? Noski baietz. Goazen konpontzera eta jar ditzagun prozedurak berriz ez gertatzeko”. Bere esanetan, transformagailu bateko akatsak “ez du baliogabetzen sistema osoa”.
PSE-tik “diputatua azaltzera etorri dena gertatu dena da”, zioen Susana Garcia Chuecak. Baina oposizioko taldeei ez zaiela interesatzen, “duela urte batzuk kontakizun bat sortu eta eraiki zuten erraustegian zentratua. Edozein gai baliatzen dute hona akusatzera etortzeko”. “Galtzaile txartzat” jo zituen. “Eredua planteatzen ez zutenek, eredu falta kritikatzea” egotzi zion oposizioari. Asensiori zuzenduta zioenez, “zurea hauteskunde programan xehetua zegoen”. Dokumentazioa eskatzen dutela diote bere esanetan informazioa eskuragarria izanda egunero Batzar Nagusietan, “erraustegiaren aurka jotzeko jaio zen” elkarte baten “gezurrezko filtrazio interesatuak ontzat jotzen dituzten artean”.
“Planta ez dago erabilgarri”
Asensiori erantzuteko bigarren errondan, berak esandakoa gezurtatu zuen Intxaurrandietak. Gipuzkoak zabortegiak behar izaten segitzen duela dio EHBilduren ordezkariak. “Jatako zabortegian isurtzen aritu gara urrira arte” eta hondakinak Bizkaiara garraiatzen segitzeko hitzarmena 2021. urte amaierara luzatu zela zioen, horren dokumentazioa zuela zioen. Berriz ere ez dagoela energia sortzeko baimenik gaineratu zuen, “ondorioz planta ez dago erabilgarri, halere herritarrei kobratzen ari gara. Baina derrigor erabilgarri egon behar du ordaintzeko”. 2020an, abenduaren 11ko inaugurazio “ofizialetik” zenbatzen hasita, urte amaierara arteko 20 egunen truke zioenez, “24 milioi euro ordainduko ditugu”. Balorizaturiko energia sareratzeko baimenik zutela ukatzen duten “dokumentu ofizialak ditugu. Zuk esaten duzuna egia dela dioten dokumentu ofizialak falta dira. Gardentasunaren izenean dokumentuak ekarri eta balorizazio planta bat dela demostratzea eskatuko nizuke. Zure betebeharra da”, adierazi zion foru ingurumen diputatuari.
EAJtik, “betiko argumentarioa entzun” zutela zioten, “ebidentziek erakutsi dute faltsuak direla”. Duela hilabete batzuk jasotako Jaurlaritzaren ingurumen baimen bateratuarekin “Gipuzkoako Ingurumen Guneak zabortegien aroa behin betiko gainditzea eta ekonomia zirkularraren Gipuzkoa bat hastea dakarrela esan dezakegu”. Eta hori “ahalegin instituzional eta politiko garrantzitsuari esker” ahalbidetu dela.
Asensiok berriz hitza hartu zuen. “Kudeaketa erabat gardena egin dugu” defendatu zuen. Dokumentazioa eskuragarri zegoela adierazi zuen. EHBilduren adierazpenei erantzunez, labeak homologatuak izan eta Bizkaiarekin hondakinak garraiatzeko hitzarmena 2022. urtera arte luzatu dutela aitortu zuen, baina bere esanetan ez beharragatik, hala hitz emana zutelako baizik. Eta behar den adina luzatzeko prestasuna agertu zuen, “ez dakizulako zer gerta daitekeen. Arduraz jokatzea alternatibak izatea da”, Asensioren esanetan. Baimendua dago argindarra sortzeko instalakuntza martxan jartzea bere esanetan, urtarrilean martxan izatea espero duten “transformagailua konpondu arte. Hura konponduta sei hilabete baino lehen behin betiko baimena eskatu beharko da”. Hondakinak tratatzeko lizentzia aldiz behin betikoa dela dio. “Ez dakit non dagoen arazoa. Akusazioak noiz dokumentatuko dira?” galdetzen zuen. Hedabideek Zubietara eginiko bisitan emisioen kontrola nola egiten den ikusteko aukera izan zutela gogorarazi zuen. “Nahi duzuenean etorri eta ikus dezakegu”.