“Prestutasunez aurkezten gara, gipuzkoarren agindua bete dugulako, hondakinen kudeaketan aro berri bat hasten dela jakinarazteko, behin betiko konponbidea eman diogulako hiri hondakinen kudeaketari”, zioen, 2015ean gobernatzera heldu eta “aurreikusitako azpiegiturak geldituta” zeudela ikusi ostean. Horrek guztiak “Gipuzkoako herritarrentzat finantza kostu izugarriak izan ditu”.
Zubieta gaineko azpiegiturak ofizialki abenduaren 11n martxan jarrita, Gipuzkoa egun Europako abangoardian kokatu dutela zioen, zabortegiekiko mendekotasuna gainditu dela, eta “ekonomia zirkularrari behin betiko bultzada eman diogu Europako helburuekin bat eginez”. Hondakinak lehengai bihurtu eta energia berriztagarria sortuko dutela adierazi zuen, 45.000 etxebizitzentzat argindarra, gaikako bilketa %55etik %65ra igoko dela, CO2 emisioak murriztuko direla… Hondakinak berreskuratzeko azpiegiturok defendatu zituen, “gipuzkoarrok gure zaborrak kudeatzen ditugu orain”. Kontrol publikoa badela adierazi zuen, udal guztiek dutelako beharrezko informazioa eta “Aldundiak jartzen du dirua zuzenean”.
“Hartu zitekeen erabaki bakarra zen”
Desados agertu zen EHBilduko batzarkide Ainhoa Intxaurrandieta hitzokin. “GHK-k eraiki izan balu erraustegia Aldundiko aurrekontuek kiebra joko lukete eta hori izan da kudeaketa pribatizatzeko arrazoia, diru galerak saihestea”. EHBildu foru gobernuan izan zen legealdiaz Asensiok esandakoak gezurtatu zituen. Espainiako Kontu Auzitegiaren epaia ekarri zuen gogora; “argi utzi zuen ez zela diru galerarik egon, hartu zitekeen erabaki bakarra zela lanak geratzea eta erabaki hori hartu izan ez balitz, udal eta mankomunitateek gainkostu izugarria ordaindu beharko zutela”, aipatu epaiak orduan proiektatua zegoen errauste planta gaindimentsionatua zegoela aitortzen zuela gaineratzearekin batera. 2015eko egoera, 2011koa zela zioen, “EAJren 30 urteko kudeaketaren ondorioz”.
Kutsadurari dagokionez, “bigarren CO2 emisio sortzaile handiena sortu dugu erraustegiarekin, Cementos Rezolaren atzetik”. Hondakinak erraustegira helarazi aurretik sortu ez eta sortutakoa murriztu eta berreskuratzea “gure betebeharra da” gogorarazi zuen, “baina lehen urrats hauetan kasik ez da inbertsiorik egiten”. Inbertsioa azken urratsean, hondakinak errausteko jardunean ematen dela.
“Eredu onena”
EAJ-PSE-k eginiko lana zoriondu zuen Juan Carlos Canok (PP), “esandako azpiegiturak ditugu martxan” gehiengo osoz onartuta. Gaikako bilketa %65era helduz gero zoriontzeko moduan egon gaitezkeela. “Zero eragina ez da existitzen” zioen eta honenbestez, “jorratzeko bidea bada” kontsumo eta ekoizpen ereduari dagokionean.
Zoriontzeko albistetzat jo zuen baita Susana Garcia Chuecak (PSE), “erakutsi dugu konfiatu daitekeela politikan, hitz emandakoa bete baita, zer zailtasun zeuden jakinda denbora tarte errekorrean”. Konfiantza erakutsi zuen baita, “eredu onena delako gure hondakinen kudeaketarako”.
“Atmosfera zabortegi handienean bilakatuko du”
EAJ-rentzat “aro berri bat ireki da”, Andrea Arriola batzarkidearen esanetan, behin betiko irtenbidea eman zaio hondakinen kudeaketaren gatazkari “hondakinen kudeaketan erabateko autonomia izatekoa… hamarkada bateko polemika, liskar politiko eta amorru sozialaren ostean”. Jakitun dela zioen, “azpiegitura berri honek oposizioa izan du eta edukiko du”, bere esanetan “oposiziogileek ezin izan dute eta erraustegia martxan jartzea eragotzi”.
Elkarrekin Gipuzkoarentzat “gure eredua ez da errausketarena”, hondakinak ahalik eta gehien murriztu, berrerabili eta birziklatzean oinarrituriko eredu alternatiboak badirela gogorarazita. Alternatibok martxan jarrita, “ondorio bezala izango genuen, erraustegia bideraezina litzatekeela teknikoki eta ekonomikoki”. Eta badutela baita enplegua sortzeko gaitasuna. Erraustegiak “atmosfera zabortegi handienean bilakatuko du”, alderdi honen esanetan, eta beste herrialdeetako zabortegiak erabiliko ditu, erraustegiak sortutako hondakin toxikoentzat.