Hilabeteotan izan den hirugarren sutearen ostean, "hobeto ulertuko da GuraSOSek zergatik eskatu dien epaileei Zubietako plantaren jarduera behin behinean etetea", ikerketa amaitu artean. GuraSOSen eskaerei "entzungorrarenak egiten ari diren epaileen kontzientzian eragitea espero du guraso elkarteak oraingo honetan", berriki Donostiako epaitegi batek erraustegiaren jarduna kautelazko neurri gisa eteteari uko egin baitzion.
GuraSOSek argitu duenez, gutxienez orain arte erraustegian gertatutako bost istripuak ez dira ezagutu aipatu planta kudeatzen duen Ekondakin enpresak edo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazitako informazioagatik. "Are gehiago, Industria Ordezkaritzak enpresa emakidaduna (Ekondakin) zigortu zuen iragan otsailaren 24an 2019ko ekainaren 11n transformagailuan izandako istripua eta leherketa ezkutatzeagatik".
Berme legalen eske
Aipatu elkartetik berri eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkaritzak "ziurtagiri eta txosten kopuru aipagarria" helarazi beharko dio Fiskaltzari. Tartean, "instalakuntza elektrikoa martxan jartzeko bere funtzionamendu legala gaitzen duen akta ba ote duen edo ez". Ezetz uste baitu GuraSOSek eskuartean duen dokumentazioagatik. "Erraustu eta balorizatzeko planta ilegalki funtzionatzen egon daitezke", ohartarazi du gaur.
Horregatik GuraSOSen arabera ezin da baieztatu "errauste planta erabat martxan dagoenik, probaldi fasea ez duelako gainditu, are gutxiago gas eta argindar instalakuntzen ikuskapena edota segurtasuna eta ingurumenaren zaintza bermatzen duten baimen, ziurtagiri eta homologazioak".
Errekerimenduak
"Red Electrica de España" ere interpelatzen du GuraSOSek, "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deituriko Zubieta gaineko eremu horretan, argindarra sortzeko instalakuntzek martxan jartzeko behin behineko baimena ote duten eta baimenik gabe legalki posible ote den hornikuntza sarerako sarbidea izatea, informa dezan.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kontu-hartzaileari errekerimendua helarazi diola ere berri eman du gaur GuraSOSek. Bertan elkarte honek 41,6 milioi euroko galera salatzen du erraustegiaren obra kontratuaren "kudeaketa txarragatik". Dirutza kopuru hau zerk eragin duen ere azaldu dute. Batetik, lanak amaitu, probaldi fasea amaitu edo argindarra sortzeko instalakuntzen erregistroan izena emanda egotea, hiru baldintza hauek bete gabe egin behar izan diren ordainketak leudeke; "orain arte gutxienez 5 milioi euro eta hilabete bakoitzeko 2 milioi euro gehiago". Bigarrenik, lanen amaieran eta martxan jartze horretan izan den atzerapenak eragindako gastuak kobratzerari uzteagatik; "36,6 milioi euro orain arte eta eguneko 110.000 euro gutxienez lanak eta probaldi fasea guztiz amaitu arte".
Panorama honetan, Gipuzkoako Udalak, Mankomunitateak, GHK-ren asanblada eta Gipuzkoako Foru Aldundia "altxor publikoa" babestera deitu ditu GuraSOSek, "dagozkien organoen ikuskatze eta lege txostenak plazaratzera". GuraSOSen esanetan kontu garrantzitsua da honakoa, "36 milioi euroko penalizazioa Ekondakini kontratua ez betetzeagatik eta 5 milioi eurotik gorako abonu okerrengatik".