"Ondo bizi eta bizitzen uzteko Aldaketaldian" murgiltzera gonbidatzen gaitu Larreko Mahaiak urtarrilaren 30aren bueltan, egun horretan bereziki, baina baita egun horren aurretik, baita hilabeteko azken larunbat horren ostean ere. "Aldaketa behar dugu. Alda sistema! Bat egin urtarrilaren 30ean has daitekeen Aldaketaldiarekin", deitu dute egunotan Donostian egin duten agerraldi bidez.
Hona egitea proposatzen digutena. "Urtarrilaren 30ean, edota aurreko zein ondorengo egunetan, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa- eta aldarrikapen-ekintzak egitea proposatu dugu: hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta-martxak, kostaldean edo ibaietan plastiko-bilketak, zuhaitzak landatzea, proiektu erraldoiren batek mehatxatutako natur guneetan ibilaldiak... eta bururatzen zaizuen guztia", eskatu dute Larreko Mahaian bildutako eragile anitzek egunotan Gipuzkoako hiriburuko Bulebarretik.
Gogoan izan, eragile sozial, sindikal eta ekologista zabal bat biltzen duela, ingurumen larrialdiari aurre egin eta herritarren lidergoarekin batera ingurumena eta bizitza erdigunean jartzea sustatzen duen Larreko Mahaiak. 2019ko udazkenean sortu zen bilguneko kide dira eragileok: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future eta Extinction Rebelion". Eta haiekin taldeok ere bat egin dute "U30 Aldaketaldia" ekimenarekin: Haritzalde, Satorralaia, Uliako Lore Baratzak, Aire Garbia, Ipar Haizea, Landarlan, Ekologistak Martxan, AHTrik EZ, Grupo Oarso Taldea, Urola Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Antikapitalistak, BizilagunEKIN, Ondarroa 12 Mila, Naturkon, Arkamurka eta beste batzuk.
Ingurumen larrialdia salatzeko deia
Eragile guztiok deitzen gaituzte "Aldaketaldia" ekimenean parte hartzera, helburu honen bueltan; "urtarrilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro guztietan klima-, bioaniztasun- eta, oro har, ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea, betiere ikuspegi lokaletik".
Bizitzaren aldeko norabide aldaketa sakona ezinbestekotzat jotzen du Larreko Mahaiak. "Agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi-egoera areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide- aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu".
Lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea ere badute helburu. “Globalean pentsatu eta lokalean ekin” leloak adierazi bezala, ezinbestekoa iruditzen zaigu krisi globala hemen bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea; gure garraio-, hondakin-, bioaniztasun-, lurralde antolaketa- edota ibaien saneamendu-politiketan. Beraz, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dugu, bide batez norberak bere taldearekin ez ezik beste batzuekin elkarlanean, ingurumen- larrialdi honi eraginkortasun handiagoz aurre egiteko abiapuntu".
Zaldibar gogoan
"Zaldibar gogoratuz" aldarria ere biltzen du Larreko Mahaiaren Aldaketaldiak. Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian jazotako hondamendiaren lehen urtea beteko da. "Aldaketaldia ekimenaren bidez hori gizarteratzen lagundu nahi genuke, Zaldibarkoan argi geratu baita Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari".