Eneko Eizagirre: "Hitz egitea oso lagungarria da eta horregatik etorri naiz saio honetara"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 18a, 14:06

"Suizidioa, isilpeko gaitza" hizpide izan zuen iragan ostiralean, ETB-ren arratsaldeetako "Biba Zuek" saioak. Eneko Eizagirre zubietar gazteak etxean bizitakoaren lekukotza plazaratu zuen. Uste duguna baino ohikoagoak diren suizidioen inguruan dagoen isiltasuna haustearen garrantziaz ohartarazi zien saioko ikus-entzuleei.

"Trauma bat da pasa dudana, baina horretaz hitz egiteak beti laguntzen du, askatzen dizu", adierazi zuen iragan ostiralean Eneko Eizagirre zubietarrak Euskal Telebistaren "Biba Zuek" saioan. "Suizidioa, isilpeko gaitza" gaia izan zuten hizpide Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako saioan. 

Zubietar gaztea elkarrizketatu zuten, duela hiru urte aitak bere buruaz beste egin baitzuen. Egun haren lekukotza gogorra plazaratu zuen Eizagirrek. Horixe zen hain zuzen ETB-ren saiora joanda bete nahi zuen helburua; "hitz egitea oso lagungarria da eta horregatik etorri naiz saio honetara. Suizidioa tabu izateari uztea edo prozesu horretan nire hondar ale hau uztera". Isilpeko gaia izateari utzi behar dio suizidioak, bere esanetan, "honetaz ere hitz egin behar da". 

Inguruan ia existitzen ez den errealitate baten gisara jokatzen dugula dio, "ez dugu entzuten kalean, komunikabideetan". Baina argi dio, "jakingo bagenu suizidio tasa zenbatekoa den, bat baino gehiago harrituko litzateke".

Suizidioaren inguruan dagoen isiltasuna hausteko deia egin zuen ETB bidez. "Gaizki bazaude laguntza eskatu. Laguntza eskatuta, zailtasun egoerak errazago gainditzen dira". Bere ustez, gaia gehiagotan azaleratuko balitz, "agian heriotza batzuk ekidin ahalko lirateke".

Albiste honi atxikita duzuen ETB-ren ondoko bideoan duzue bere lekukotza.