Azken orduotan herriko txoko ezberdinetatik begi bistakoa den ke zutabea dario hondakinak erretzen diharduen Zubietako erraustegiari. Datorren maiatzean lau urte beteko dira errausketaren "zero eremu" horretan eraikitze lanak hasi zituztenetik. Ordutik urteotan hainbat ezbehar izan direla salatu zuen GuraSOSek iragan larunbatean Donostian antolatu zuen giza katearen amaieran. Zehaztu zutenez, "3 isurketa, 3 sute, 3 istripu-industrial larri", Eusko Jaurlaritzaren lurralde ordezkaritza, Foru Aldundia eta auzitegien egoitzak lotu zituen "Osasuna, ingurumena, justizia" babesteko mobilizazio bukaeran egindako ekitaldian.
"Herritarrei ezkutatu egin zaizkigun gertaerak" zirela salatu zuen GuraSOSek. Ikertu ahal izan dutenagatik, honako hauen berri eman zuten:
1-2018ko martxoaren 22an SOS Deiak-ek dei bat jaso zuen. Arkaitzerrekan isurketa bat izan zen. Erraustegiaren obrak ziren.
2-2019ko ekainaren 11n leherketa bat eta sute txiki bat gertatu ziren transformadore nagusiaren babes lekuetan. Transformadorea baimenik gabe eraiki eta martxan jarri zuten.
3-2019ko uztailaren 28an isurketa berri bat izan zen Arkaitzerrekan.
4-2020ko maiatzaren 9an bizilagun batek SOS DEIAK-i deitu zion. Ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren Arkaitzerrekan. Istripu-kimikoa. Egun batzuk zeramaten ur amoniakodun milioika litro isurtzen. Errekaren ekosistema txikitu zuen; erabateko delitu ekologikoa.
5-2020ko irailaren 1ean berriro transformadore nagusian sute bat izan zen. Hirugarren industria-istripu larria.
6-2020ko azaroan sute larri bat gertatu zen erraustegiaren hondakinen hobian. Ez zieten suhiltzaileei deitu, eta langileek beraiek kontrolatu zuten sua.
7-Abenduaren 31n erraustegiaren hobian sute berri bat izan zen, langileek amatatu zuten.
8-2021eko urtarrilaren 12an hirugarren sutea bi hilabeteko epean. Oraingoan suhiltzaileei deitu zieten eta SOS DEIAK-ek Twitterren gertaeraren berri eman zuen. Sutea bezperan sortu zen.
Erraustegia “salgai”
“Expansión” hedabideak egunotan berri eman duenez, “China Tianying (CNTY)” -ek Urbaserren kapitalaren ehuneko ehuna salgai jarri du, akzioen gutxieneko parte hartze bat izango zuen finantza bazkide bat aurkitu ez duelako. Eroslerik aurkituko balu, 2.400 miloi euro irabaziko ditu. Lerrootara dakarkigu albistea, Zubietako erraustegiaren eraikitze eta kudeaketa lanak Ekondakin kontzesionarioari esleituak dizkiolako Foru Aldundiak. Enpresa talde horretako bat da Urbaser, %46ko parte hartzea du erraustegian. “Zubietako erraustegia enkatean jarri dute! Putre-funts batek kudeatuko du laster gipuzkoarron osasuna?” galdetu zuen albistea jakin berritan GuraSOSek, sare sozialen bidez.