Datu eske zuzendu zitzaion Usurbilgo Anerreka ingurumen elkartea Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari iazko irailaren 9an. Eskaera argia luzatu zion; Zubietako erraustegiak orain arte zenbat gai kutsakor aireratu dituen zehaztea, horri buruzko datuak ematea. "2019an egunean bataz beste jasotako balioak eta 2020an irailaren 8ra arte ordu erdiko bataz bestekoak". Erantzunik ez du jaso momentuz aipatu herriko elkarteak Argia bidez berri eman duenez.
Bigarren saiakera bat egin zuen Anerrekak urriaren 26an; "erreklamazioa aurkeztu zuen idatziz Eusko Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean (IPSEB)". Urtarrila amaiera honetan bere ebazpena ezagutzera eman du batzorde honek. Lau puntuotan zehazten du erantzun hau:
1-Anerreka Ingurumen Elkarteak aurkeztutako erreklamazioa balioestea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean aurkeztu zuen informazioa eskuratzeko eskaera ustez ezetsi egin zaiolako.
2-Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eskatzea eskarian agertzen den informazioa eman diezaiola erreklamatzaileari, 10 eguneko epean, gehienez ere.
3-Ebazpen hau erreklamaziogileari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.
4-Ebazpena Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen web-orrian argitaratzea, behin erreklamaziogileari jakinarazpena eginda eta datu pertsonalak bereizi ondoren.
"Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa soilik jar daiteke, bi hilabeteko epea, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita", gaineratzen du aipatu ebazpenak.
Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak Anerrekaren erreklamazioa aintzakotzat hartu eta gehienez 10 eguneko epean Eusko Jaurlaritzari erantzutea eskatzen dio. Ebazpena abenduaren 22an kaleratu zuen, nahiz urtarrila amaieran ezagutu den. Egun ordea Anerrekak erraustegiari buruz eskatutako informazioa jasotzeke du.
Argiak ezagutzera emandako dokumentu batek berresten duen moduan. 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez aldaketa batzuk egin zizkion erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari. Horren arabera, baimen hau indarrean egon ahal izateko baldintza gisa finkatu zuten Zubietako erraustegia "etengabe monitorizatzea", etengabe aireratzen zuena kontrolatzea. Hain zuzen, datuok dira Anerrekak eskatu eta oraindik jaso ez dituenak.