Sagardotegi Garaia

Iruin Sagardotegia: “Beldurren kontua izan da gure eragozpenik handiena”

Donostiako lurretan, baina Donostiaren hirigunetik hainbat kilometrora dago Zubieta. Egoera ikusita, arazo larria izan zitekeen Iruin Sagardotegiko kideentzat. Hala ere, uste baino hobeto moldatu dira azken hilabete eta erdian eta lana aurrera ateratzen dihardute.

NOAUA! Egoera erabat nahasia tokatu zaizue aste hauetan osasun neurriak direla eta. Nolako balantzea egiten duzue?

Iruin Sagardotegia: Itzelako eromena izan da, baina behintzat Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen parte gara eta oso ondo ematen digute informazioa. Arau berriak ateratzen direnean, berehala pasatzen digute abisua, eta oso lagungarri zaigu. Horren denbora gutxian horrenbeste aldaketa izatea ez da inoren gustokoa, eta nahaste bat da denontzat: bai bezeroentzat, bai eta enpresentzat ere. Hala ere, saiatu gara ahalik eta ongien eramaten.

Donostiaren parte izan, baina Donostiako nukleotik urrun egoteak arazoren bat sortu zizuen mugimendua herrira mugatuta zegoenean?

Donostiar askok ez daki Zubieta Donostiaren parte denik ere. Gainera, asko beldurrarekin etortzen zen, Lasartetik pasa beharra baitzeukan honaino iristeko. Orokorrean, beldurra izan da nagusi Sagardo Garai honen hasieran.

Orain, alboko herrietakoek ere mugitzeko aukera daukate. Antzeman duzue jende gehiago mugitzen dela?

Egia esanda, Sagardotegi Garaia hasi zenetik lan asko egin dugu. Beldurren kontua izan da gure eragozpenik handiena, baina bestela oso ondo egin dugu lan. Etxekoak bakarrik ari gara lanean orain, gainontzeko langileak ERTEn daude, eta tira, etxekoentzat egiteko adina izan dugu.

IRUIN SAGARDOTEGIA

"Kontzeptu aldaketa izan da gogorrena, txotxera joan ezin hori"

Txotxera joan ezin hori, nola maneiatzen ari zarete zuek?

Botila huts eta gardenak jartzen ditugu mahaietan. Upelak ere prest ditugu botilak betetzera joateko. Hori bai, mahaian baino ezin da kontsumitu. Beraz, mahai bakoitzetik pertsona bakarra joaten da upategira eta bertan, nahi duen upeletik betetzen du botila. Liburutxoak jarri ditugu upategian, upel bakoitzak zer sagardo nahasketa daukan adieraziz, eta horrela, gehien gustatzen zaizkienak probatzeko aukera daukate bezeroek. Edo denak proba ditzakete, hori bakoitzaren gustora.

Horrek guztiak zuen lan erritmoan eraginik izan du?

Ez pentsa gehiegi aldatu denik. Kontzeptu aldaketa izan da gogorrena, txotxera joan ezin hori. Sagardotegi Garaiaren xarma txotxeko giro horretan egoten da, eta hori galdu egin dugu. Zorionez terraza handia daukagu eta giro onarekin batera jendeak kanpoan bazkaltzeko aukera eskatu du, eta oso giro polita sortzen da bertan. 

Jendearen erantzuna positiboa, beraz.

Oso ondo erantzun du jendeak, eta ez daukagu zentzu horretan kexatzeko arrazoirik. Paranoiak dauzkate batzuek, baina tira, normala da baita ere. Telebista eta irratia egunero albisteak eta datuak ematen ari dira, eta horrek gizartean eragin zuzena du.

Adineko jende gutxiago hartu duzuela esan nahi duzu?

Gure bezero profila ez da gehiegi aldatu. Jende gutxiago etortzen da, hori bai; lehen 200 bat lagun hartzen genituen eta orain 70-80 hartzen ditugu arauen ondorioz. Bezero batzuei ezetza ere eman behar izan diegu kabitzen zen zirelako. Hala ere, adinekoak ere hurbiltzen dira; askoz ere kontu gehiagorekin ibiltzen dira, ordea. Musukoa beti jarrita edukitzen dute, eta zenbait eskularruak jantzita ere ibiltzen dira. Beraz, denei animatzeko mezua bidali nahi diet, ea hau guztia ahalik eta lasterren amaitzen den eta sagardotegian elkar ikusten dugun.