Turismoa

Karobi: "Jendea gogoz dago ateratzeko"

Zubietaren bihotz-bihotzean dago Karobi Nekazal Etxea. Pandemiak gogor jipoitu du nekazal etxeen sektorea ere, eta asko burua altxa ezinik dabiltza. Karobiren egoera gertutik ezagutu nahi izan du NOAUA!k.

NOAUA! Konfinamendua nola bizi izan duzue? Nolako eragina izan du pandemiak zuen jardueran?

Karobi Nekazal Etxea: Duela urtebete erabat moztu zen gure jarduera. Gero, udan mugimendu pixka bat izan zen abuztu aldean, baina ezer gutxi. Hortik aurrera batere ez. Erabat moztu zen jarduera berriz ere uda pasatu ostean eta, langileren bat edo beste izan zen, baina besterik ez.

 

Mugimendua EAEra ireki berri da eta Aste Santuak gainean ditugu. Erreserbei dagokienez, igoerarik iragarri duzue?

Orain Aste Santuari begira jendea deika hasi da. Batzuek hiru edo lau familiarentzat erreserba egiteko deitzen dute, eta hori ez da posible. Neurriak bete beharra daukate bai beraiek, bai eta guk geuk ere. Jendea gogoz dago taldean ateratzeko, baina hori ez da posible. Hala ere, guk polizia lana ez dugu egin behar, nik uste nahiko helduak garela denok, eta erantzukizunez jokatu beharra daukagula. Oraindik egun batzuk falta dira Aste Santurako, eta asko azken momentuan ibiltzen dira, bikoteak edota haurrak dituzten familiak. Bestalde, kontuan hartu beharra dago Nafarroatik edota Zaragozatik adibidez jendeak ezin duela etorri. Bizkaia eta Araba aldetik mugituko da jendea batik bat. Orokorrean jendea gogoz dago ateratzeko, baina ateratze hori ere buruarekin egin beharra dago eta neurriak errespetatuz.

 

Laguntzarik jaso duzue urte luze honetan?

Bai, laguntzak jaso ditugu. Usurbilgo udaletxetik zerbait jaso genuen, 400 bat euro uste dut eta besteren bat ere bai. Zerbait behintzat jaso dugu.

 

KAROBI

"Duela urtebete erabat moztu zen gure jarduera"

 

Behin Aste Santua pasatuta egoerak hoberako joera hartuko duela uste duzu?

Ez, Aste Santuetako kontura mugatuko da nik uste. Benetan gero zer gertatuko den ez dago jakiterik. Datuak ateratzen dituzte egunero, gaixo daudenen kopurua eta egoeraren ustezko bilakaerarena, baina gero batek jakin. Nik uste udarako nolabait moldatuko garela txertaketa nola doan ikusita, baina ezin dugu ahaztu txertaketarekin ere ez dela dena amaituko. Errespetatu beharra dauzkagu neurriak, baina gerora ere denok aldatuko gara, eta bizimodua ere aldatuko da. Bost izarreko hotelek beti izango dituzte bezeroak, baina bestelako eskaintza batzuk, agian, desagertu egingo dira.