Turismoa

Barazar: "San Joseko zubian beteta egon da"

Zubietaren erdigunean kokatzen da Barazar, zubietarren artean aski ezaguna den taberna eta jatetxea. Horrez gain, ordea, Barazarrek beste jarduera ekonomiko bat ere betetzen du, nekazal etxea ere bai baita bere bost logelarekin. Ostalaritza gogor astindu du pandemiak, bai eta nekazal etxeen jarduera ere. NOAUA!rekin zehaztu dituzte jarduera horri buruzko zenbait kontu.

NOAUA! Konfinamendua nola bizi izan duzue? Nolako eragina izan du pandemiak zuen jardueran?

Barazar: Gure jarduerak hiru adar nagusi ditu: logelak, jatetxea eta taberna terrazarekin. Logelen kasuan, itxiera perimetrala orain ireki duten arte ez dugu bezerorik izan. Ekainean ireki genituen ateak berriz, modu jarraiago batean lehen konfinamendu hura behin amaituta. Ekainean bezero batzuk izan genituen, baina oso gutxi, %10 baino gutxiago. Uztailean garai ona bizi izan genuen, ia goraino beteta, bai eta abuztuan ere. Irailean beheraka nabaritu genuen %50 batean beteta, eta hortik aurrera jaisten joan hurrengo hilabeteetan behea jo arte. Azarotik aurrera ez genuen bezerorik izan, eta aurtengo urtea ere horrela hasi dugu. Martxoan atzeman dugu gorakada, hilaren 12tik aurrera asteburuetan edukiera beteta. Langilerik ez dugu batere izan, nahiko ohikoa zen lehen data hauetan jende asko izatea, baina ez aurten.

 

BARAZAR

"Tabernak oso ongi funtzionatu du terrazari eta eguraldi onari esker"

 

Laguntzarik jaso duzue instituzioen aldetik egoera honi buelta emateko?

Laguntza bai izan dugu, baina oso gutxi. Etxeko lau pertsonak egiten dugu lan eta kanpoko bik, eta ERTEn egon dira azken horiek orain arte, itxiera perimetralarekin lasaitu diren arte. Jatetxean edukiera arazo gehiago izan ditugu tamainagatik, baina tabernak oso ongi funtzionatu du terrazari eta eguraldi onari esker.

 

Itxiera perimetrala ezabatu da eta Aste Santua gainean dugu. Erreserbei dagokienez, antzeman duzue mugimendua?

Jendea orain mugitzen hasi da. San Jose zubian ere beteta egon gara, eta Aste Santurako ere oso itxura ona du, erabat bete gabe dago momentuz, baina beteko dela uste dugu dagoen denboran. Dena ondo bidean, Aste Santuak itxura ona du. Bizkaia eta Arabako jendea mugitzen ari da, gure kasuan batez ere bizkaitarrak.