INSTAGIk eta Usurbilgo Lanbide Eskolak elkarlanerako akordioa adostu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 19a, 16:49

Hurrengo urteetan 800 instalatzaile eta 900 elektrikari beharko direla aurreikusten du INSTAGIk, Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Erakundeak. Ildo horretan, Usurbilgo Lanbide Eskolak eta INSTAGIk hurrengo urteetarako elkarlanerako bideak adostu dituzte.

Jesus Mari Gomez, INSTAGIko zuzendariak esan du: “Gure datuen arabera, elektrizitatearen eta telekomunikazioen sektorean lan egiten duten pertsonen %37,40k erretiroa hartuko du datozen hamar urteetan. Iturgintzako, gaseko eta termikoko instalatzaileen kasuan, ehuneko hori gaur egun sektorean lan egiten duten pertsonen %33,19koa da”. Ondorioz, Don Bosco, Tolosaldea eta Usurbilgo Lanbide Eskolarekin ekintza ezberdinak eramango ditu aurrera hurrengo urteetan.

 

Erreleboa behar duten enpresak ikastetxearekin jarriko dira harremanetan, ikasleak enpresa hauetan egin ditzaten beraien lan praktikak edota Dualeko egonaldiak, etorkizunean bertan lanean gelditzeko aukerarekin. Ikasgelako metodologiak ere berrikusteko konpromisoa hartu dute, ikasleek aurreikusten dituzten erronkek ahalik eta zerikusirik handiena izan dezaten enpresetan aurkituko duten errealitatearekin.

 

Sektoreko profesionalak ikastetxean hitzaldiak ematen ari dira, beraien lanbideko gorabeherak eta sekretuak ikasleei helarazi asmoz. Isidro Zaldua, ikastetxeko zuzendaria, oso pozik agertu da INSTAGIrekin elkarlanean jarduteko aukera horrekin. “Gure ikasleei irtenbide profesional paregabea eskainiko dio elkarlan honek”, esan du Zalduak.