Zubietako bizilagunei esker jakin ahal izan genuen, duela ia urtebete, 2020ko maiatzaren 9an Arkaitzerrekan jazotakoa. Ehunka aingira eta arrain hilik agertu ziren larunbat hartan. Gerora jakin zenez, erraustegiko eremutik Arkaitzerrekara isuritako amoniakoak eragin zuen hondamendia. Ordutik urtea beteko da laster; urtemuga egunerako, maiatzaren 9rako martxak antolatu ditu Anerreka Ingurumen Elkarteak, Usurbildik eta Zubietatik, goizeko 11:00etan.
"Maiatzaren 9an urtea beteko da Zubietako erraustegitik egindako isurketa kutsakor batek Arkaitzerrekan ehunka arrain hil zituela, horien artean aingirak, babestutako espeziea", nabarmendu dute Anerrekatik.
Denboran atzera egin eta iaz gertaturikoa oroitarazi dute. "Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatu eta Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakariak hasiera batean ukatu egin zuen isuriaren jatorria erraustegitik zetorrela. Herritarren salaketen aurrean, ordea, amoniako-ihes bat izan zela onartu behar izan zuen, eta Guardia Zibilak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delituen ikerketa abiatu zuen".
Gertaturikoak erraustegiaren sustatzaileek adierazitakoak gezurtatzen dituela dio Anerrekak eta herritarrak Zubieta gaineko planta kontrolatzera derrigortuak daudela. "Nahiz eta behin eta berriro goraipatzen duten erraustegiaren segurtasuna eta haren kudeaketaren gardentasuna, errealitateak kontrakoa erakutsi digu: osasun-arriskua, naturari kalteak eta informazioa ezkutatzea. Egoera horren aurrean, herritarrak behartuta gaude erraustegia zuzenean kontrolatzera eta baliabide naturalak babestera. Hori dela eta, jarduera hauek antolatu ditugu urteurren garrantzitsu honen inguruan".
Aranerreka garbitzeko deia
Bestetik, auzolanerako deialdia egin dute maiatzaren 15ean, larunbaterako: Aranerreka garbitzen laguntzeko deia egiten diete herritarrei. Artzabal gunean. "Kalean botatzen diren hondakin asko ibai-sistemara iristen dira eta bertatik itsasora. Plastikoek ingurumenean duten eragin negatiboaren inguruan hausnartu behar da. Usurbilen ere nabarmena da, eta herritarrak kontzientziatu eta egoera hobetzearen, Aranerreka garbitzeko auzolana antolatu dugu. Ez da ezer eraman behar, maiatzaren 15ean goizeko 10:00etan Artzabalen azaldu eta bukaeran hamaiketako bat eskainiko dugu", ohartarazi dute Anerreka ingurumen elkartetik.
ANERREKA INGURUMEN ELKARTEAREN DEIALDIAK
Maiatzak 9, igandea
11:00 Martxak Usurbilgo frontoitik eta Zubietatik Arkaitzerrekara, erraustegitik amoniakoa isuri eta ehunka arrain hil zirenetik urtea beteko den egunean.
Maiatzak 15, larunbata
10:00 Auzolana: Usurbilgo Aranaerrekaren garbiketa Artzabal gunean.
Deitzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.