Herritar zutabe bana abiatu da goizeko 11:00etan aipatu moduan, Usurbil eta Zubietako plazatik, aldarri bikoitz baten bueltan; etorkizuneko belaunaldiek, haurrek eraman eta "Arkaitzerreka bizirik! Erraustegirik ez!" zioen pankartarekin.
Eta pankarta horrekin batera, duela 24 ordu, erreka garbien alde, Anerreka Ingurumen Elkarteak Usurbilgo frontoian eginiko arrainen marrazketa tailerretik sortutako bigarren bat ere eraman dute Arkaitzerrekara.
Usurbilgo zutabeak Etxealdia, Atallu ingurua eta Santuenea zeharkatu ditu, Zubietako Arkaitzerrekara bidean. Zubietakoak herri gunea eta bidean dauden gainerako bizilekuak, hondamendiaren zero gunera heltzeko.
Erraustegiaren aurkako banderolak ere ikusi dira bidean. Zubieta gaineko planta honen aurkako martxa izan da gaurkoa; eta duela urtebeteko hondamendiaren ostean, Arkaitzerreka bizirik nahi dutela eskatzekoa.