Hondamendiaren zero gunetik bertatik, Arkaitzerreka bizirik nahi dutela, errausgailurik gabe, aldarrikatu dute igande goiz honetan Anerreka Ingurumen Elkarteak antolatu duen martxan parte hartu dutenek. Herritar zutabe bana abiatu da 11:00etan Zubietatik eta Usurbildik, gaurko egunez duela urtebete, erraustegiko eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituen Arkaitzerrekara.
Zutabeak bertan batuta ekitaldia egin dute, konpromiso argi bat adierazteko; "orain arte bezala, gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu, hor goian eragiten ari den kutsadurak sortzen dituen ingurumen kalteak kontrolatzen, eta horien emaitzak publiko egiten, sekula santan martxan jarri behar ez zuten erraustegia gelditu arte!".
"Aingirak hilda ikusi ez bagenitu, auskalo beste zenbat isuri gehiago egiten jarraituko zuten"
Arkaitzerrekako hondamenditik urtebetera, 2020ko maiatzeko gertaerak ekarri dituzte gogora. Bertako bizilagunek antzemandako kaltearen aurrean, "lehen erreakzioak: ardurak ukatu eta URAko behatzaileei sarrera debekatu. Instalazio honetako kudeatzaileek daukaten inpunitatearen adierazi argiak dira", salatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak aipatu errekan egin den ekitaldian.
Halere, "herri ekimenak jarri zituen argudioak mahai gainean hemen gertatu zenari buruz, eta horrek, horrek bakarrik behartu zituen gezurtiak atzera pausoa ematera, egindako delitua aitortzera, Arkaitzerrekako bizitza akabatu zutela esatera".
Bestela, Anerrekaren esanetan, "aingirak hilda ikusi ez bagenitu, auskalo beste zenbat isuri gehiago egiten jarraituko zuten. Isuriak eginak zituzten lehenago ere, baina froga nabarmenik ez zegoen... eta zapla! Hirugarrengoan erreka erretzera iritsi ziren arte. Azkeneko isuri honek, hiru egunetan jarraian 2.200 metro kubiko errekaratu baitzituen".
"Hemengo kalteak konpondu gabe daude"
Agerikoa den gardentasun falta salatu du Anerrekak. "Gardentasuna hitzez saltzen digute, praktika ilunak ezkutuan egiteko baimen legal guztiak eskura jarri zaizkienean". Horrez gain, Arkaitzerrekan gertatutakoaz eskatutako informazioa ere ukatu zaiela salatu du ingurumen elkarteak. "Guztiona den natur-ondarearen zaintzaren ardura daukaten erakundeek ere, URA agentzia eta Jaurlaritzako ingurumen saila kasu honetan, informazioa ukatzen ari zaizkigu, hiru aldiz eskatu dizkiegu gai honekin lotutako agiriak, eta ez digute erantzun ere egin. Bereziki Ingurumen Sailak GHKri ireki zion espedientea zertan den jakin nahi dugu. "Ingurumen-baimenen titularra GHK da, eta erakunde horrek egin beharko die aurre ondorioei" esan zuen Arantxa Tapiak orduan, baina hemengo kalteak konpondu gabe daude".
Hondamendiaren harira abian jarritako ikerketari dagokionean Ertzaintzaren egonezina adierazi du Anerrekak "Guardia Zibilaren Sepronakoak ikerketa abiatu zutela jakin zuenean".
Ikerketa zertan den gogorarazi digute. Asteotan adierazi izan duten moduan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) "ikertuko duela esan du" urtebete igaro ostean Fiskaltzak kaleraturiko ebazpenak. "Erne egongo gara", iragarri dute Anerrekatik.
"Gipuzkoako ingurumena hondatzeko gunea"
Arkaitzerrekako duela urtebeteko hondamendiaz gain, "jada sutea, eztanda, isuriak..." izan ditu erraustegiak, "hauek kanpotik nola edo hala jakitera iritsi garenak, auskalo zer beste gehiago gertatu diren guk ez dakizkigunak eta... etorriko direnak". Horregatik diote, "estalki moduan jarri dioten izenak berak, Gipuzkoako Ingurumen Guneak, benetako egia ezkutatzen du: bere praktikan Gipuzkoako ingurumena hondatzeko gunea baita".
Anerrekak salatu duenez, "hobeak diren alternatiben kasu zipitzik egin gabe eraiki duten erraustegi honek, hiri hondakinen arazoa konpondu ez, eta ingurumena hondatzen duten kalteak pilatzen jarraitzen du".
Gauza bat esan eta bestea egiten dutela adierazi dute. "Birziklatzea hobetzeko omen da erraustegia, baina egia berdaderoa da, gehien birziklatzen duten herriak, herri arduragabeek baino gehiago ordaintzera zigortzen dituela. Hiri hondakinak bakarrik eta Gipuzkoakoak soilik erretzeko izango zela esan ziguten, baina ahaztu zaie. Orain, diru publikoarekin ordainduko diren labeetan, "auskalo nongo" hondakin industrialak ere bertan erreko direlako, paparra aterata dabiltza Gipuzkoan gobernatzen duten erregimeneko lobby industriala eta PNV-PSOE tandema. Ez dago kutsatzeko arriskurik, etengabe kontrolatuta egongo dira tximiniako isuriak! esaten ziguten. Eta orain hori ere gezur hutsa dela badakigu, urtean eurek aukeratutako 24 ordutan bakarrik kontrolatuko dira", zehaztu dute.