Pintada iraingarriak Zubietan

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 10a, 11:28

“Duela urte batzuk jazarpena jasaten ari den familia gara, bi semeekin”. Unai Agirrek bidali dizkigu argazkiok. Duela bi aste Unai junai txibato polizia pintadak agertu ziren bere etxe inguruan. Pasa den asteburuan, berriz, “gure kotxean txibato eta inguruko paretetan Unai junai txibato polizia pintadak”.

Ekintza hauek helburu argia dute, “gure familia herritik bidaltzea, kanpotarrak garelako”, dio Unai Agirrek NOAUA!ra igorri duen salaketa publikoan. “2015ean etxea erosi eta Yoko Garbi elkartearen zaratarekin kexatu ginenetik ez da gelditu jazarpena. Pintadak, pankartak eta abar jasan ditugu, eta elkarretaratzeak etxe aurrean Que se vayan abesten, Unai entzun pin-pan pun, eta abar. Mugimendu faxista eta xenofobo honen ekintza salatu nahi dugu. Guregatik baino, gure semeengatik”.

Azken asteotan familia honek jasan behar izan duena ez da gauza isolatua. Duela urtebete inguru, euren etxeko atearen kontra botilak jaurti zituzten eta horren salaketa publikoa egin zuten hedabide honetan.