Ate Irekiak Zubietako Lanbide Eskolan

Isidro Zaldua: “Euskadin lerro berri hori lantzen hasiko den lehen ikastetxea izango gara”

Ate Irekiak izango dira asteazken eta larunbatean Zubietako Lanbide Eskolan, lehenak arratsaldez eta bigarrenak goizez. Ikasturte berriaren aurrean, hainbat berrikuntza interesgarri dakarzkite eta horiei guztiei buruz  hitz egin nahi izan du Isidro Zaldua zuzendariak NOAUA!rekin.

NOAUA! Urteak daramatzazu Zubietako Lanbide Eskolako zuzendari lanetan. Nolakoa izan da ibilbidea?

Isidro Zaldua: Usurbilen ongi ezagutzen naute, Zubietako alkate izan bainintzen duela urte batzuk, eta herri batzarreko kide ere bai. Nire ibilbide profesionalari dagokionez, enpresetan lanean aritu izan naiz, Tknika Berrikuntza Zentroan ere lan egina naiz zortzi urtez. Ibilbide horren ostetik, Zubietako Lanbide Eskola honetara iritsi nintzen, eta 2016tik bertako zuzendaria naiz. Patxi Vaquerizo zuzendariak erretiroa hartu zuen, eta ni orduan eskolako irakaslea nintzen. Ia 18 urte irakasle lanetan aritu eta gero, erreleboa hartu nion. Alkate izan nintzenean, udaletxeekin harreman handia neukan, eta esperientzia horretatik ezagutza asko jaso nituen. Tknikako urteetan ere berrikuntzako proiektuen kudeaketan nire lan egiteko modua aldatu egin zen, eta orain eskolako zuzendaria naizen honetan, proiektu berritzaileei garrantzia handia ematen diegu; hori lantzen saiatzen gara ahal beste. 

 

Proiektu berritzaileak aipatu dituzu, eta berriki INSTAGIrekin hartueman estuan hasi zarete lanean.

Joan zen urtean, ikastetxean azterketa bat egin genuen etorkizuna marraztu nahian, eta horrek balio izan zigun helburu batzuk ezartzeko. Lehenik eta behin, gure balioak ikasleekin partekatzea da gure xede nagusia, eta ondoren taldean lan egitea, sarekatuta nolabait. Zentzu horretan, INSTAGI elkartearekin eta gisa horretako beste elkarte batzuekin lan egitea interesgarritzat jo genuen. INSTAGI osatzen duten enpresek erretiroa hartzear dauden hainbat langile dituzte, eta horien erreleboak gure ikasleen bitartez egitea adostu genuen beraiekin. Urte pare bat enpresan lanean aritu ostean, erretiro hartzera doan pertsona horren erreleboa hartzea da gure ideia, urtetxo batzuk lehenago jada ikaslea enpresara ohituta dagoela. Ikasleen ekintzailetasuna ere landu nahi dugu norabide horretan.

 

Orokorrean nahiko datu onak dituzue eskuartean ikasleen laneratze datuei dagokienez.

Bai, datuak onak dira ikuspuntu horretatik. Oraingo egoera dela medio, datuek okerrera egiteko joera hartu dute zertxobait, baina ikasleak momentuz praktiketan ondo sartu dira. Horri guztiari lotuta beste lanketa bat egiten hasi gara, beste lan lerro bati helduta. Ikastetxea definitzeko helburu tinkoarekin gabiltza. Nahi eta behar anitzetako ikasleak dauzkagula konturatuta gaude, eta ikasle profil bakoitzari bere helburuen araberako aukerak eskaintzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Batzuek zikloa amaitu eta lanean hasi nahi dute, eta horiei ezagutzak ematen saiatzen ari gara ahalik eta lasterren helburua lor dezaten. Lehen kurtsotik eskaintzen dugu praktikak egiteko aukera, eta Zubilan proiektuaren bitartez enpresentzat lanak egiteko aukera ere ematen diegu. Beste ikasle batzuek Europan mugitu nahi izaten dute, eta horiei hizkuntzekiko ezagutzak ematen dizkiegu. Horrez gain, Europako egoera marraztu nahi diegu: nolako kontratuak egiten diren atzerrian, kulturak nolakoak diren… ezagutza hori ematen diegu Erasmusa egiten dutenean, horretarako prestatuta egon daitezen. Sarri gertatzen da ikasle horiekin atzerrira joan eta praktikak gustatzen ez zaizkienean, denbora galtzen ari diren sentsazioa izatea, eta ez dira jabetzen bestelako hainbat ezagutza jasotzen ari direla. Badira beste ikasle batzuk euren enpresa propioa izan nahi dutenak, eta ekintzailetasun hori aurrera eraman ahal izateko tresnak jartzen dizkiegu eskura. INSTAGIrekin lerro hori ari gara lantzen, batez ere. Datorren urteari begira, eta Ate Irekietan landu nahi dugun zerbait da, laugarren ikasle profil bat, unibertsitatera joan nahi dutenena. 

 

Unibertsitaterako bide hori irekitzeaz gain, berrikuntza nabarmen bat dakarkizue, beraz. 

DBH bukatzen duten ikasleentzat, egun, ibilbide naturala da batxilerra egin eta unibertsitatera joatea. Aukera dago aspalditik Lanbide Heziketa egin eta unibertsitatera joateko, baina ikasleek gabeziak aurkitzen dituzte askotan hainbat arlotan; dela matematika, dela fisika, dela filosofia… Bide hori jorratu nahi dugu guk. Ikasleei metodologia jakin batzuekin programatzen erakutsi nahi diegu, etorkizunerako ezinbesteko erraminta egungo digitalizazioa kontuan hartuta. Matematika, fisika, hizkuntzak eta filosofia ere irakatsi nahi ditugu unibertsitaterako bidea egitean behar beste tresna izan ditzaten. Beraz, goizetan hautatu duen familia profesionalean arituko da lanean ikasle guztiek egiten duten bezala, eta arratsaldetan robotak programatuko dituzte aipatutako alor guztiak landuz. Hori izango da ireki nahi dugun lerro berria, eta bekak lortzen ari gara ideia hau aurrera eraman ahal izateko. Astean hirutan aipatutako materiak landuko dituzte ikasleek, eta beste egun batean ekintzak egingo dituzte. Hau da, astean lau egunetan egingo den ikasketa prozesua izango da. Finean, lerro natural bat ireki nahi dugu Lanbide Heziketa eta Unibertsitatearen artean.

 

Egun, teoria eta praktika oso ondo ezagutzen dituzten pertsonak nahi izaten dituzte enpresetan.

Bai, hori da. Egoera horretaz konturatuta gaude, eta lerro berri honek enpresek eskatzen dituzten profesional horiek sortzeko aukera ematen du. Kontua da, egun, bide hori hartzea ez dela erabaki erraza. Lanbide Heziketa lau urte dira, eta unibertsitate ikasketak beste lau. Ohiko bidea hartzen dutenek baino bi urte gehiago behar ditu Lanbide Heziketatik datorren ikasle batek. Zorionez, Eusko Jaurlaritza lanean ari da Unibertsitatearekin alde hori murrizteko, eta proposamena luzatu dute lau urte egiteko Lanbide Eskolan eta beste hiru unibertsitatean. Urtebeteko alde baino ez legoke, eta goi-mailako ezagutzez gain tailerreko lana ere ezagutuko lukete ikasle horiek. Azken finean, enpresak hori ari dira eskatzen orain, ezagutza maila altua duten teknikariak. Proiektuak garatzen ari gara gu ere unibertsitatea amaitu duten ikasleekin. Bost ardatzetako makina bat daukagu, eta norbaiten bila ari gara hori ongi erabiltzeko gai izango dena, eta ez dugu aurkitu. Eskolatik pasatako ikasleren bat izango da hurrengo urtean unibertsitate ikasketak bukatuko dituena, eta proiektu hau garatzeko aukera izan dezakeena. Lerro hori ireki nahi dugu guk, eta horretarako kontseilariordeari proposamena egin nion, eta onartu egin du. Euskadin lerro berri hori lantzen hasiko den lehen ikastetxea izango gara. Enpresak eskatzen ari direnak ez dira teknikari soilak, bestelako gaitasunak ere badituzten pertsonen bila ari dira, eta guk pertsona horiek prestatu behar ditugu. Teknologiari lotuta lan egin behar dugu, automatizazioa geroz eta zabalduago dago, eta postu asko galdu egingo dira, edo aldatu behintzat. Ikasleei lanpostu berri horietan moldatzeko tresnak eskuragarri jarri behar dizkiegu, oraindik ez dakigunean postu horiek nolakoak izango diren ere. Horregatik ari gara lerro askotan lanean. 

 

Ate Irekietan guzti hau azalduko duzue, eta horrez gain, eskola erakutsiko diezue etorkizuneko ikasleei?

Eskola nola antolatuta daukagun erakutsiko diegu, zer-nolako proiektuak egiten ditugun ikus dezaten. Ez interesatuta dauden familia profesionaleko tailerra bakarrik, baizik eta eskola osoa. Aldez aurretik izena eman beharko da, hori bai, talde txikiak antolatu behar ditugulako osasun neurriak direla eta. Eskolara deituta edota email bidez eman dezakete izena interesa dutenek. Harrera bat egingo dugu lehendabizi, beharrezko informazio guztia partekatu eta ikastetxea erakutsiko dugu. Oso garrantzitsua da aurre-matrikula datak kontuan hartzea, maiatzaren 31tik ekainaren 18ra arteko epea baitago egiteko. Egiten ez duten ikasleei ezin diegu plazarik eskaini irailera arte.