Lanbide Eskolako ate irekien bigarren saioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 14a, 08:29

Aurrematrikulazio kanpaina ekainean bideratuko duten arren, 2021-22 ikasturtera begira, instalakuntzak eta proiektua ezagutarazteko Ate Irekien Jardunaldiak antolatu ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak aste honetarako; lehen saioa asteazkenerako iragarri zuten, bigarrena larunbat honetan, maiatzaren 15ean.

2020-21 ikasturtea azken hiruhilekoan murgildu den honetan, datorrena prestatzen hasteko garaia dute Lanbide Eskolan. "Aurrematrikula garaia ekainean bada ere, DBH eta Batxilergoko ikasleak etorkizunean zer egin nahi duten pentsatzen hasiak dira dagoeneko", berri eman dute Zubietako ikastetxetik. Testuinguru honetan antolatu ditu Lanbide Eskolak, ate irekien jardunaldiak. "Egoerak hala uzten badu behintzat, aurrez-aurrekoak izango dira", ohartarazi dute Lanbide Eskolatik. Bisita gidatuotarako aurrez eman beharko da izena , "talde txikietan" egingo dira saioak.

Hitzorduotan, "Usurbilgo Lanbide Eskola eskaintza gerturatu nahi die ikasle hauei", bai erdi zein goi mailako zikloetan ikasi daitekeena aurkeztuko dute. Eta ikasitakoa praktikan jartzeko Lanbide Eskolak dituen bideen berri ere emango dute. "Ikasleak enpresaren mundura hurbiltzea da Usurbilgo Lanbide Eskolaren lehentasunetako bat". Enpresetan praktikak egiteko aukera anitz dituzte ikasleek. Bigarren ikasturtean, "hiru hilabeteko egonaldia egiten dute enpresa batean. Bestalde, Dual programan ere parte hartu dezakete. Horrela, urte oso batean zehar ikasketak uztartzen dituzte enpresa batean, kontratuarekin lan eginez". 

Badira aukera gehiago ere. "Aurreko ikasturtean martxan jarri zen Enpresan Prestakuntza izeneko ekimena. Ekimen honen bitartez, ikasleen beraien zikloa hasten diren momentutik uztartu ditzakete ikasketak, arratsaldeetan astean 6 orduko praktikak burutuz enpresan". Azken aukera, Erasmus programa: ikasleek atzerrian egonaldiak egiteko aukera eskaintzen duen egitasmoa. "Covid19ak sortu duen egoera dela eta aurtengo ikasturtean ezingo da atzerrian egonaldirik antolatu Erasmus proiektuaren baitan. Baina Usurbilgo Lanbide Eskolak proiektu honetan lanean jarraitzen du, atzerriko enpresekin harremanak sendotuz eta beste ikastetxeekin elkarlanean, datorren ikasturtean, egoerak uzten badu, ikasleek beraien praktikak atzerrian egiteko aukera izan dezaten". 

2021-22 IKASTURTERA BEGIRA
ATE IREKIEN JARDUNALDIAK
Maiatzak 15, larunbata
10:00-11:30 Erdi Maila.
11:30-13:00 Goi Maila.

Lanbide Eskolaren eskaintza
Erdi Mailako zikloak
Administrazio Kudeaketa
Instalazio Elektriko eta Automatikoak
Hozteko eta Beroa sortzeko Instalazioak
Mekanizazioa

Goi Mailako zikloak

Administrazioa eta Finantzak
Automatizazio eta Robotika Industriala
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa
Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua
Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa
Energia Berriztagarriak

Jardunaldiotarako izen emateko:
https://sites.google.com/lhusurbil.eus/ate-irekiak-maiatza2021/página-principal

Informazio gehiago:
lhusurbil.eus
943 364 600
adkomunikazioa@lhusurbil.eus