Nahia Zudaire, Europako txapeldunordea

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 17a, 14:10

Espainiar estatuko marka hautsita, zilarrezko domina eskuratu du zubietarrak, egunotan Madeiran ospatzen ari diren Europako igeriketa paralinpiar txapelketan.

Garaipenen asteburua honakoa. Nahia Zudaire zubietarra Europako txapeldunordea! Zorionak! Madeiran ospaturiko Europa mailako igeriketa paralinpiar txapelketan, igerilari zubietarrak zilarrezko domina eskuratu du 400 metroko modalitatean eta Espainiako marka hautsi du.

"Nahia Zudaire Europako Txapeldunorde 400 librean! Bi marka pertsonal egin ditu gainera Nahiak. Batetik, 5:06,16rekin Espainiako errekor berria ezarri du eta gauza bera egin du 200eko pasean ere, kronoa 2:27,85an geratuz", berri eman du Buruntzaldea IKT-k sare sozialen bidez.

Madeiran egunotan (maiatzak 16-22) ospatzen ari diren Europako igeriketa paralinpiarretan parte hartzen ari da Zudaire. 47 herrialdeetako 400 igerilari batu ditu hitzorduak.

"Zilarra atzo gauean. Milaka gauza oraindik ere ikasteko eta disfrutatzeko, mila esker bidean zaudetenoi", adierazi du Zudairek sare sozialen bidez.