Birziklatzearen Nazioarteko Egun honetan, errausketaren bidea alboratzea eskatu dute, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitu eta eragile anitzen babesa jaso duen elkarretaratzean. Goizean zehar mobilizatu dira Donostiako udaletxe atarian. Guztiek gogorarazi dute, Donostia dela hain zuzen, Gipuzkoa mailan gutxien birziklatzen duen udalerria, bestela esanda, erreus gehien sortzen duena. "Birziklapenaren nazioarteko egunean Donostia da Gipuzkoa osoan gutxiena birziklatzen duena. Noiz arte luzatuko da egoera hau? Noiz hartuko dituzte neurriak hondakinen bilketa eraginkorra egiteko?", galdetzen du Errausketaren Aurkako Mugimenduak.
Eta Donostiako lurretan kokatua dago Zubietako errausgailua. Hondakinak erraustearen bidea alboratzea eskatu dute. Mobilizaziorako baliatu duten pankartetako batean, gogoan Zaldibarko zabortegiko hondamendian hildako bi langileak. Eusko Jaurlaritzako agintariak gertatutakoaren erantzuletzat jotzen dituzte. "Joaquin, Alberto, beti gogoan izango zaituztegu! Urkullu, Arriola arduradun!", Gipuzkoako hiriburuko udaletxe atarian eseki duten pankartako leloak zioenez.
Pardelen birziklatzea
Ez da Errausketaren Aurkako Mugimenduak egunotarako egin duen deialdi bakarra. Aste honetan bertan, "kanpaina berri bat hasiko dugu pardelak birziklatzearen alde. Laguntza beharko dugu Gipuzkoa osora iristeko", iragarri dute.