Egitasmoari buruzko zenbait xehetasun ere eskaini dituzte. 7.160.000 eurotan esleitu dituzte obrak. 22 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. Honenbestez, 2023. urtean inauguratzea espero dute.
Eraikin berria "zero emisiokoa" izango dela berri eman du Foru Aldundiak, "jasangarritasun irizpideen arabera eraikia, material birziklatuak erabiliz, eta Passivhaus kontzeptua (zero energia kontsumoa) txertatuko du; horrela, erreferente bihurtuko da Gipuzkoak jomuga duen ekonomia berde eta deskarbonizatuaren azpiegitura berrientzat".
"Naturklima" funtsezkotzat jotzen dute Eskuzaitzetan "industria polo berdea garatzeko, ekonomia zirkularrean, trantsizio energetikoan eta klima aldaketan espezializatutako enpresen artean".
Bitarteko gisa baliatu nahi dute aipatu fundazioa, "Next Generation" proiektuetarako Europako 200 milioi euroko funtsak kudeatzeko. "Proiektu horien artean, besteak beste, honako hauek aipa daitezke: behatoki bat sortzeko proiektua, klima aldaketak Gipuzkoan duen eragina monitorizatzeko; enpresen eta partikularren trantsizio energetikoa bultzatzekoa, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta gure mendekotasuna murrizteko; ekonomia zirkularraren eremuan enpresei eta ekintzaileei laguntzekoa; "plastiko jasangarriaren" polo bat garatzekoa; berrerabiltzeko eta birziklatzeko materialak prestatzeko zentro bat eratzekoa edo Naturklimaren egoitza bera eraikitzekoa".
Hiru urteko epean, "lurraldea sentsorizatua izango dugu klima aldaketaren inpaktu guztiak monitorizatzeko", iragarri dute Aldunditik. Lanketa guztia, martxan duten Zubietako erraustegitik metro gutxira.