Usurbilgo Lanbide Eskolak STEAM Prestakuntza Osagarria eskainiko du

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 24a, 16:50

Azkeneko urtetan DBHko gero eta ikasle gehiago ari dira Lanbide Heziketa aukeratzen, gerora Unibertsitate Ikasketak egin nahi dituztenak. Usurbilgo Lanbide Eskolak ikasle horiei unibertsitaterako bidean prestakuntza osatzeko aukera eman nahi die. Helburua ikasleen artean STEAM gaitasunak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) indartzea da, etorkizuneko unibertsitate-prestakuntzara egokitzeko, ondoren lan mundura igaro ahal izateko.

Batxilergoan nagusiki lantzen diren gaitasunak indartzeko, ikastetxean eskaintzen diren ziklo guztietan astean 6 orduko STEAM errefortzua eskainiko du Usurbilgo Lanbide Eskolak. Kurrikulumeko ondorengo arloak landuko dira: Robotika eta Programazioa (Arduino, Scratch, Python), Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Filosofia (pentsamendu kritikoa).

 

Lanbide Heziketan jada frogatutako metodologia aktiboak eta tresnak erabiliko dituzte, hala nola, robotak eta hezkuntza simulagailuak. “STEAM gaitasunak eta zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikako kurrikulum-puntuak landuko dituzten diziplina anitzeko erronkak planteatuko ditugu, errealitatearekin zerikusi zuzena izango dutenak”, esan du Isidro Zalduak, ikastetxeko zuzendariak. Azken finean, “lan-munduak erronka berriei aurre egiteko gai izango diren teknikariak prestatzea eskatzen digu. Arazo konkretuak konpontzeko gai izateaz gain, egunerokotik haratago planifikatzeko gaitasuna duten eta ibilbide luzeagoko irtenbideak eskaintzeko gai izango diren teknikariak behar dira”, azpimarratu du Zalduak.

 

Bost familia profesionalei dagozkien Goi Mailako eta Erdi Mailako heziketa zikloak eskaintzen ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, euskaraz eta gazteleraz; goi mailako zikloetan ingelesez ere egin daiteke heziketaren parte bat. Zikloak espezialitate hauetakoak dira: Instalazioa eta Mantenua, Energia eta Ura, Administrazioa, Elektrizitatea eta Elektronika eta Mekanika. Horrez gain, ikastaro eskaintza zabala du bai langileentzat, bai langabezian dauden pertsonentzat. Maiatzaren 31tik ekainaren 18ra bitartean izango da zikloetan izena emateko epea. Usurbilgo Lanbide Eskolan izena emateko edota edozein zalantza argitzeko, 943 364600 telefonora deitu, adkomunikazioa@lhusurbil.eus helbidera elektronikora mezu bat bidali, edo www.lhusurbil.eus webgunea kontsultatu.