Alkate aldaketa Zubietan

Jon Arroyo, Zubietako alkate berria

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 15a, 19:50

Aurreikusi moduan, lekuko aldaketa gauzatu dute Zubietako Herri Batzarrean; Usurbil aldeko alkate Haritz Arrizabalagak bi urteko ardura agortuta, Donostia aldekoak, Jon Arroyok hartu du kargua, astearte arratsalde honetan Kaxkapen egin duten ekitaldian. 


Legealdiak lau urtekoak izaten dira oro har erakunde guztietan, baina dituen berezitasunak tarteko, bitan zatitua egoten da Zubietako Herri Batzarrean. Lehen bi urteetan Usurbil aldeko alkatea izaten dute zubietarrek. Haritz Arrizabalaga izan da 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondotik aipatu tokiko biltzar honetako burua; 2023ra arte, duela bi urteko bozketa egunean herritarren babes gehien jaso zuen Donostialdeko hautagai Jon Arroyo izango da Arrizabalaga ordezkatuko duena. 

2019-23 legealdia erdibidera heldu den honetan egin dute lekuko aldaketa, astearte arratsalde honetan bertan, Zubietako Kaxkapen ospatu duten kargu hartze ekitaldian. Herri Batzarreko kideak, eta Usurbil zein Donostiako udaleko alkateak bildu ditu hitzorduak.

"Hurrengo bi urteok aurrekoak baino oparoagoak izatea espero dugu"
Pazientzia hartuta, "saiatuko gara herriaren gaiak ahal den heinean bideratzen", adierazi du Arroyok, Herri Batzarraren buruzagi ardura irudikatzen duen zumia hartu berritan. Ondoan zuen aurreko alkatearen eskutik jaso du lekuko aldaketaren sinboloa. Haritz Arrizabalagak hain zuzen, azken bi urteotako balantzea egin nahi izan du aurretik. "Urte arraroak bizitzea tokatu zaizkigu, ez dira joan guk nahi genuen adina arin". 2023ra arteko hauteskundeak bitartean halere, ilusioa galdu gabe zioenez, "hurrengo bi urteok aurrekoak baino oparoagoak izatea espero dugu. Aldaketa onerako izan dadila", desio izan du. 

Lekukoa helarazi dion alkate berriari adierazi dionez, "seguru nago oso ondo egingo duela. Bi urteotan oso gustura aritu naiz berarekin lanean eta seguru naiz lan ona egingo duela. Gu ere hor egongo gara". 

Mendi bideen garbiketa eta udal ekipamendu berriaren lanketa
Azken bi urteotan, herri giroa sustatu eta herri mailan egindako bileratik jasotako ekarpenak bideratu nahian aritu direla aipatu du Arrizabalagak. Lagungarritzat jo du, Usurbilgo Hiria Antolatzeko Plan Orokorrari lotuta, Zubietako etorkizuna marrazteko iazko udazkenean egindako parte hartze prozesua. Zubietarren egoitza nagusia, Kaxkape ere egokitzen hasiak direla berri eman du. 

Gune honen erabilera sustatzen segi asmo dutela nabarmendu du kargua hartu duen alkate berriak. "Gure asmoa, herritarrek hemen bere txokoa izatea da", Arroyoren esanetan. Auzolanean eraiki eta hobetu nahi dute etorkizuneko Zubieta. Epe laburrean, hilabeteotarako zubietarrei zuzenduriko gonbitan bilakatuko diren bi hitzordu iragarri ditu. Laster mendi bidea garbitzeari ekin nahi diote. "Auzolanerako deia jasoko duzue", adierazi die alkate berriak Kaxkapen bildutako bizilagunei.

Uda osterako bigarren deialdia; aurretik egina duten parte hartze prozesuan, "ekipamendu publiko baten beharra" agertu zuten zubietarrek. Horretan "sakondu nahi dugu". Bide horretan, "partaidetza prozesu bat jarriko dugu martxan irailetik aurrera". 

Datozen egitasmoei heltzeko alboan izan duen taldea goraipatu nahi izan du Arroyok; baita batzarkideak, baita lanketa honetan guztian ari den Inaxio Usarralde ere, "batzarkide bat gehiago da". Herriari zuzenduriko hitzekin amaitu du Arroyok bere agerraldia; "animo herriari, aupa Zubieta!".