Alkate aldaketa Zubietan

Usurbilgo alkatea: "Ez dut dudarik aurrerantzean ere talde osoarekin elkarlanean aritzeko aukera izango dugula"

Zubietako Herri Batzarreko kargu aldaketa ekitaldia egin dute astearte arratsalde honetan Kaxkapen. Bertan izan da alkatea buru zuen Usurbilgo Udaleko ordezkaritza bat ere. Herri Batzarrak lankidetzarako erakutsitako prestutasunagatik eskerrak helarazi eta etorkizuneko Zubieta elkarrekin eraikitzeko HAPO-ari lotutako parte hartze prozesuan lankidetzan jorratu duten bidea goraipatu du Agurtzane Solaberrietak.

Azken bi urteotako alkateari eta kargu hartu berri duenari zorionak eta eskerrak helarazi nahi izan dizkie Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, herriaren alde lanean aritzeko adierazitako eskuzabaltasunagatik. Esker hitzak baita, erakunde gisa Zubietako Herri Batzarreko kideek Usurbilgo Udalarekin elkarlanean aritzeko agertutako "prestutasunagatik".

"Erraza eta erosoa izan da" Solaberrietaren esanetan, Zubietako Herri Batzarrarekin bideratu duten lankidetza. "Ez dut dudarik aurrerantzean ere modu berean aritzeko aukera izango dugula".

"Elkarlana nabarmendu nahi dut"
Elkarlan horren adibide argitzat jo du Usurbilgo alkateak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren harira Zubietan bideratu duten parte hartze prozesua. Duela bi urte, aurreko kargu hartze ekitaldian iragarri eta Herri Batzarra eta Donostiako Udala lankidetzara gonbidatu zituzten. "Usurbilgo Udalak emandako hitza bete du". Herri Batzarrarekin eta Donostiako Udalarekin batera, etorkizuneko Zubieta marrazten aritu ziren iragan udazkenean. "Oso balorazio positiboa egiten dugu Zubietan garatu dugun prozesuaz eta lankidetzagatik batez ere".

Donostiako Udalaren parte hartzea nabarmendu du Usurbilgo alkateak. Tokiko bi erakundeok "hainbat proiektu sozioekonomikoetan eta gizarte ereduetan" izan ditzaketen desberdintasunen gainetik, "elkarlana nabarmendu nahi dut". Zubietarrei hitza eman eta prozesuko bidea elkarrekin jorratzeko izan duten adostasuna. Ezohikoa, Solaberrietak zioenez, "ezegonkortasuna nagusi den garai hauetan". Azpimarratu duenez ordea, "garaiotan inoiz baino gehiago dagokigu erakundeoi herritarrei ziurtasunak ematea. Eta ziurtasun horiek adostasunaren bidetik eraikiak badira askoz hobe". 

Emaitzen aurkezpena
HAPO-aren bueltan "ekarpen asko" egin zituzten zubietarrek. Txosten batean bilduak daude. "Laster gatoz Zubietara txosten horretan bildutako emaitzak eta ondorio nagusiak aurkeztera", iragarri du Usurbilgo alkateak. Uda ostean, irailean izango dela zehaztu du. Horrez gain, parte hartze prozesuan zehar Usurbil zein Donostiako udalek adostu zuten bi erakundeon asmoak uztartzeko "konpatibilizazio plan" bat eratzea dagokiela ere gaineratu du.