Alkate aldaketa Zubietan

Eneko Goia: "Legealdiaren beste erdia lehenengoa baino pixka bat txukunagoa izango dela espero dezagun"

Zubietako Herri Batzarraren eta Usurbil zein Donostiako udalen artean azken urteotan jorratu den elkarrizketaren eta adostasunaren bidean sakontzeko deia egin du Gipuzkoako hiriburuko alkate Eneko Goiak, astearte arratsalde honetan Zubietako Kaxkapen ospatu den kargu aldaketa ekitaldian.

Erraza ez den pausoa eman eta bere gain hartutako hartutako arduragatik esker hitzak helarazi dizkio bi urteotan Zubietako alkate izan den Haritz Arrizabalagari, Donostiakoak, Kaxkapeko ekitaldian izan den Eneko Goiak. "Zorte on", adierazi dio kargua hartu berri duen Jon Arroyori. "Legealdiaren beste erdia lehenengoa baino pixka bat txukunagoa izango dela espero dezagun", adierazi du.

Etorkizuneko Zubietaren eraikuntzan azken urteotan izandako bi mugarri nabarmendu ditu Gipuzkoako hiriburuko alkateak. Batetik, aurreko legealditik duen "oroitzapen positiboenetako" bat; Herri Batzarrarekin eta Usurbilgo Udalarekin batera hainbat zerbitzu egokiago kudeatu eta koordinatzea ahalbidetzen zuen sinaturiko hitzarmena. Desadostasun eta zalantzen ondotik, horiek ere "gainditzeko borondatea" nabarmendu du. "Uste dut zintzotasun handiz jokatu genuela guztiok. Mahai gainean jarri genituen gure ikuspegiak eta batzuetan mugak, eta horrek adostasun batera heltzen lagundu zigula".

Aurrera begirako bidea zein den erakutsi duela zioen Goiak esperientzia hau gogora ekarrita; hitz egin eta adostasunera heltzen saiatzeko gaitasunarena alegia. 

Nabarmendu duen bigarren mugarria, hiru erakundeek azken urtebetean bideratu dutena izan da; Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren harira Zubietan garatu duten parte hartze prozesua. Usurbilgo Udalak bertan eskuhartzeko eginiko gonbita eskertu eta bueltan, hiriburuan abiatzekoak diren antzeko prozesuan ere eragile aktibo izatera deitu dio Goiak Usurbilgo Udalari. Donostiako plan orokor horren diseinuan abiaraziko duten "prozesu horretan egin dezagun bidea elkarrekin", luzatu dio gonbita udalerri honetako alkateari.