Uztailaren 15ean eta 16an

Deshazkundea, datorren Jakin Jardunaldiko hitz gakoa

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 11:50

"Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?". Galdera honen bueltan hausnatuko dute Usurbilgo Udalak, UEU-k eta Jakinek uztailaren 15 eta 16rako Usurbilen antolatu duten jardunaldian. Deshazkundeaz ariko dira honenbestez, azken urteotan garapen jasangarriari kontrajarri zaion kontzeptuaz, jardunaldiok aurkezteko asteazken goizean antolatzaileek Donostian egin zuten agerraldiaren baitan, Jakineko zuzendari Lorea Agirrek zioen moduan. 

"Badira urte batzuk aipatzen dela hazkundea eta jasangarria ezin direla esaldi berean kokatu, elkarren kontra doazelako. Beharbada deshazkundean hasi behar dugu? Zer esan nahi du?", hortxe Usurbilgo jardunaldietan hausnartzeko gaia. 15 hizlari ariko dira galdera hauei erantzun nahian, Udarregi Ikastolan izango diren solasaldietan. "Hitzaldi oso interesgarriak", Agirreren esanetan. "Ikusi nahi ez genuena ikusarazi digun" pandemiaren "luzaketak", besteak beste, "eragile eta pairatzaile" bilakatu gaituen krisi ekologikoa, eta krisialdi honekin gurutzatzen diren gainerakoak; soziala, ekonomikoa, sistemikoa... ahotan hartuko dute. Aspaldi buruan zuten gai hauxe ekarri nahi zuten, nora eta Usurbila, "herriaren beraren nortasunean eta bere praktiketan gai zentrala da". Herri pragmatiko gisa definitu zuen Jakineko ordezkariak Usurbil, "borroka, eraldaketa eta alternatibak sortze horretan".

"Jakintza partekatu, eztabaidak zabaldu, galderak zintzotzasunez" planteatuko dituen jardunaldiotan parte hartzeko gonbita luzatu zuten, norbanako nahiz kolektibo edo herri gisa, "zer egin dezakegun" ikustera, Agirreren esanetan. Jardunaldiok emandakoa Jakinek udazkenean kaleratuko duen zenbaki monografiko batean jasoko du.

"Zuen zain gaituzue"
Iaz pandemiagatik egun bakarrera murriztu ostean, aurreko edizioen antzera aurten bi jardunaldi egun izango ditu UEU-ren 49. udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldiak. "Ilusioz heldu diogu aurtengo ekitaldiari ere", zioen aurkezpen berean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, hiru erakundeok sinatua duten lankidetza hitzarmena goraipatu eta lankideei esker ona helaraztearekin batera, "erosoa eta erraza delako haiekin lanean aritzea".

Berriz ere, Usurbil "hitzaren, gogoetaren eta solasaldia pausatuaren parada" izango da alkatearen esanetan. "Gustu baduzue Usurbilen ikusiko dugu elkar, zuen zain gaituzue", luzatu zuen gonbita alkateak.

Lankidetza eredugarria
Aurrez aurre izango dira saio guztiak, horren alde apustua egiten duela nabarmendu zuen euskal unibertsitatea sortzen diharduen UEUk. "Oso garrantzitzua baita unibertsitate komunitate dinamiko bat sortzeko". Ideiak, jakintza elkartrukatuz. UEU-ren sare sozialetako traola ekarri zuen gogora bere zuzendari Kepa Sarasolak; "elkarrekin. Batak bestearekin elkarrekin, gizarte honen arazoen analisia egiteko, konponbideak bilatzeko". Jardunaldion antolaketan urteotan sustatu den lankidetza goraipatu zuen Sarasolak. "Apustu oso ona izan zen" eta lankidetza eredugarria zioenez, "beste udal batzuei atea ireki" baitio.

"Mundua krisian dugu", ekonomia, osasun, ekologia, zaintza... "zibilizazio krisian".  Pandemiaren ordez aditu askok aipaturiko sindemiaren "talaiatik begiratu nahi diogu munduari" jardunaldiotan, Usurbilgo alkateak zioenez.

Ekarpen zuzena egingo dio Udalak hitzordu honi, ez bakarrik antolaketari dagokionez, jardunaldioi plaza eskainita, hitza ere hartuko baitu saioetako batean. Aurkezpena hain zuzen "baliatu nahi nuke eskerrak emateko, jardunaldiotan Usurbilgo hiri hondakinak eredutzat hartu eta plaza hori eskaintzeagatik atez atekotik Usurbil 0.0 eredura egiten ari garen bidearen berri emateko".

Ura, hondakinak, mugikortasuna, Usurbilgo udal politika publikoak eredu jasangarri, irisgarri eta biziagorantz eta herritar nahiz eragileekin elkarlanean bideratuak daudela gaineratu zuen Solaberrietak, "begirada morez", ikuspegi feminista txertatzea ezinbestekotzat jotzen baitu. Oraindik ere nagusi izan eta "historikoki maskulinotzat jo izan diren balioek" begi bistako eragina dutela adierazi zuen, "klima krisia". Adibide gisa jarri zuen, etxe ondoan izan eta "Gipuzkoan co2 gehien isuriko duen enpresa, errauste planta. Gure ustez ez dago justizia klimatiko posiblerik Gipuzkoan" halako azpiegitura bat martxan izanda.