San Juan bezpera girotuko du Kalezarko eskeak eta "Akelarre" filmak Zubieta

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 19a, 08:33

Bigarren urtez segidan ospakizun masiborik egin ezingo den arren, San Juan bezpera girotuko duten bi hitzordu antolatu dira ekainaren 23rako. Kultur Birara batu diren Kalezarko San Joanetako eskea ospatuko dute egungo egoerara egokituta, eta Zubietan "Akelarre" filma proiektatuko dute.

Iaz bezala, bigarren urtez segidan ekainaren 23ko gauean ez da ospakizun jendetsurik antolatuko. Baina izango da, oraindik gainditu ez dugun osasun krisialdira egokitutako hitzordu alternatiborik. Kultur Birarekin bat egin duten Kalezarko San Juanei hasiera emango dien eskea ospatuko dute, surik ez ordea. Zubietan, "Akelarre" filma proiektatuko dute.

"Akelarre" Zubietan
"Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Herrixkako beste neska batzuekin batera, Anak festa batean parte hartuko du basoan. Rostegi epaileak neskak atxilotuko ditu sorginkeria egotzita; izan ere, erregeak eskualdea purifikatzeko ardura eman dio. Akelarreari buruz dakitena aitortu dezaten beharrezkoa den guztia egingo du. Akelarrea zeremonia magikotzat zeukaten, Deabruak mendekoekin harremanak izateko baliatzen zituela uste zuten".

Hortxe abiatzen da "Akelarre". Pablo Agüerok zuzendu eta 2020. urtean estreinatu zen filma Zubietan izango dugu ikusgai ekainaren 23an, gaueko 22:00etan hasita errebote plazan. 5 Goya sari edota Feroz sarietarako 6 izendapen eskuratu zituen ikus-entzunezkoaren proiekziora joateko izena aurrez eta doan bideratu daiteke ekainaren 21era arte, usurbilkultura.eus atarian. Zubieta Lantzenek antolaturiko hitzordurako 100 lagunentzako lekua izango da. 

Eskea Kalezarren barrena
Ez dira ohiko festak izango, baina egungo osasun krisialdira egokitutako kultur ekintzekin Kalezar girotuko dute San Juanek ekainaren 23tik 27ra. Kultur Birara batu den zikloa, tradizio luzeko ohitura berreskuratuz abiatuko dute; San Juan bezperako eskearekin. Hilaren 23an noski. 

Ohi bezala, bazkalostean irtetekoak dira etxez etxe. Betiko ibilbidea osatu asmo dute, bertsolari eta trikitilariak bidelagun dituztela. Geldialdiak bizilagunekin adostu asmo dituzte aurrez, etxeetara deituta eta eskea etxe atariotara joatea nahi duten galdetuta. Irizpide honen arabera zehaztuko dute ibilbidea. Bisitatzen dituzten etxe atariak, segurtasun neurriak hartuta egingo dute.

Iaz bezala, aurtengoan ere ez da Jai Batzordeak antolaturiko San Juan surik izango, “jendea pilatzeko arriskua” ikusten baitute. Kontuan izan gainera, antolakuntzak gogorarazi moduan, 2019ra arte sua Pikaola inguruan pizten zutela, egun babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari diren eremuan. Kalezarko “plaza txikiegia” litzateke Jai Batzordearen esanetan. Aipatu moduan, ondorioz, “Jai Batzorde bezala ez dugu antolatuko”.

Ekainaren 23tik 27ra Kultur Biraren baitan ospatuko diren Kalezarko San Juanetako ekintzen berri web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue.