Gaur jasoko du Adarra Saria Amaia Zubiriak

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 21a, 11:45

Adarra Saria jasoko du Amaia Zubiria zubietarrak astelehen honetan, hilak 21. 2014an hasi zen Donostiako Udala Donostia Kulturarekin batera euskal musikari eskainitako saria banatzen. Orain arteko irabazleak, sona handiko musikariak dira: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak eta Kepa Junkera. Aurtengoan beste musikari handi bat gehituko zaio zerrenda horri: Amaia Zubiria.

NOAUA! Aurtengo Adarra saria jasoko duzu. Zure urteetako lana saritua izango da. Zer suposatzen du zuretzat horrelako sari bat jasotzeak?
Amaia Zubiria:
Orain arte saritu dituztenak bat hilda dago (Mikel Laboa), baina gainontzekoak gazteak dira. Nik bizitzaren ziklo gisa irudikatzen dut guztia, gazteek oraindik asko dute ikasteko, baina baita esateko ere. Nire abeslari ibilbidearen zati handi bat joan da jada, eta eginiko lanaren islada da sari hau.

Sari banaketa egin ostean, kontzertua eskainiko duzu Victoria Eugenian. Musikari eta artista askorentzat leku pribilegiatua da.
Leku ederra da Victoria Eugenia, baina baita beste leku ugari ere. Giro polita sor daitekeen edozein leku, dela plaza, dela sala bat, leku ona izan daiteke kontzertu bat emateko. Taldeak eskaintzen duena da garrantzitsuena, eta jendearen bihotzera iristen bada lana edozein leku izanda ere ezinhobea izango da. Victoria Eugenia donostiarrentzat eta orokorrean gipuzkoarrentzat leku ederra da eta gustora arituko naiz taula gainean.

Artista asko izango dituzu taulagainean zurekin, tartean zure semea bera. Horrek bereziago egiten du kontzertua?
Kontzertua berezi egingo duena denok elkartuta egotea da. Kontzertuan parte hartuko duten guztiak nirekin aritu diren musikariak dira, eta batzuekin urte asko eman ditut mikrofono atzean. Beste batzuekin bolada bateko kontua baino ez da izan. Nire semearekin ere urteak daramatzat bikote lanetan, eta beraz, kontzertu horretan ere parte hartuko du, jakina. Askotan deitzen digute kontzertuak emateko herri txikietan, edo sala txikietan, eta orokorrean intimoak diren leku berezietan. Gisa horretako kontzertuak semearekin ematen ditut beti, urteak direla horrela funtzionatzen dugula.

 

“Erdi ezkutuan joaten nintzen kantu lehiaketetara”
NOAUA! Zubietan bizi zinen garaian ekin zenion abesteari?
Amaia Zubiria: 16 urterekin Donostian egin nituen lehen urratsak. Abesteko txapelketa bat antolatu zuten Donostiako Arte Ederren antzokian, jada ez da existitzen, oso leku polita zen. Bertan, urtero kantu lehiaketa antolatzen zuten, eta han elkartzen ginen hainbat pertsona. Erdi ezkutuan joaten nintzen, nire etxean ez baitzuten entzun ere egin nahi izaten abeslari izan nahi nuen kopla hura. Hara joaten nintzen, ordea, eta irabazi ere egin izan nuen behin baino gehiagotan. Hor hasi zen nire ibilbidea.

Gero, 19 urterekin, oso gazte ezkondu egin nintzen. Behin ezkonduta abestearekiko joerarik ez genuen posible ikusten, ez zen oso ohikoa egoera hori. Handik hamar urtera, banandu egin nintzen, 29 urterekin, eta nire lehen diskoan lanean hasi nintzen. Ordundik gaurdaino ez naiz gelditu.

 

“Urte hauetan musikari askorekin egin dut lan, izan musikari, izan instrumentujole”
NOAUA! Zubietan jaio zinen, nahiz eta urte asko diren bertan bizi ez zarela. Oraindik ere baduzu lotura Zubietarekin?
Amaia Zubiria:
Zubieta asko dauzkagu Euskal Herrian, Gipuzkoako nire Zubietaz gain. Zaila da herri batekiko lotura mantentzea, herria jendeak egiten baitu. Ni bertan jaio nintzen, Txakurtxulon, hain zuzen ere, ez Donostiako ospitalean edo beste inon. Gaur egun, nire familiaren gehiengoa ez da Zubietan bizi, eta beraz, herrira ez nau ia ezerk lotzen, iraganeko oroitzapenek eta familiako batzuk. Lagun batzuk ere banituen bertan, baina denborarekin banandu egin ginen. Zubietatik kanpo etorkizuna sortzea erabaki zuten gehienek, nik neuk bezala, eta horrek eragin zuzena du harremanak hoztean. Ni ere, hara eta hona ibili naiz bizitza guztian, eta hori da ondorio nagusia. Beraz, harreman zuzenik ez dut, baina sentimendua 
bai, beti esaten dut Zubietakoa naizela, Gipuzkoako Zubieta herrikoa. Inoiz ez naiz usurbildar sentitu, ez donostiar, ni beti zubietarra izan naiz eta hala izango naiz.

Zer-nolako abestiak prestatzen ari zara ordurako, zure ibilbidearen laburpena izango dena edo abesti berrienekin sortutako saioa?
Azken aldiko abesti berri gutxi dauzkat. Hasieran abesti tradizionalak abesten hasi nintzen, eta geroago heldu nion abestiak sortzeari. 44 urte nituenetik gaurdainoko ibilbidearen islada erakutsi nahi dut kontzertuan. Adin horrekin lehen diskoa kaleratu nuen, “Haizea” izenekoa, eta hor ekin nion modu profesionalean kantuan aritzeari. Abesti zaharren bat edo beste joko dugu, oso gure egin diren abesti horiek, baina gainontzekoak nire abestiak izango dira. Normalean oso gutxitan abesten dut bakar- bakarrik, ez bada oso modu pertsonalean norbaiti abestu nahi diodalako edo kafetegi batean eskaintzen dudan kontzertua delako. Beste musikariekin ere lan egiten dut, baina horrez gain, garrantzia berezia dute urte luze hauetan eskaini ditudan kontzertuen atzean egon diren soinu teknikariek. Gure ahotsak gu bezain ondo ezagutzen dituzte, eta oso ondo dakite gure ahotsari zer komeni zaion distira gehiago izateko. Musikariei helduz, urte hauetan musikari askorekin egin dut lan, direla abeslari direla instrumentujole.