Adarra Saria jaso du Amaia Zubiriak

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 22a, 09:05
Amaia Zubiria, Adarra Saria eskuartean duela. Argazkiaren egilea: Donostia Kultura.

Donostia Kulturaren eskutik jaso zuen bere ibilbideari ohore egiten dion saria Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokian eskaini zuen kontzertuan, Musikaren Europako Egunean.

Lau hamarkadako ibilbidea borobiltzeko modu ezinhobea noiz eta Musikaren Europako Egunean. Donostia Kulturak urtero banatzen duen Adarra Saria jaso du Amaia Zubiria abeslari zubietarrak, astelehen arratsaldean Victoria Eugenia antzokian. Eskertza moduan gainera, omenduak bere sorkuntza bide emankorrean zehar bidelagun izan dituenekin batera kontzertu berezia eskaini du.

Musikari talde zabalak inguratu du omendua. "Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne..." Hainbat kolaboratzaile ere izan ditu: "Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria".

"Euskal musikaren arloan garrantzia edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista" bat omentzen du Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014. urteaz geroztik urtero ematen duen Adarra Sariak. Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute aurreko urteetako Adarra Saria. Aurtengoa aipatu moduan, Amaia Zubiria zubietarrarentzat izan da. "Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez erabaki du aurtengo Adarra Saria Amaia Zubiria kantariari ematea", berri eman du Donostia Kulturak.

Funtsezko eragina, ondorengo belaunaldietan
Amaia Zubiriaren ibilbidea goraipatu du Donostia Kulturak. "Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute".