Mikra ikuskizuna hilaren 16an Zubietako errebote plazan

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 7a, 10:00

Hurrengo ostiralerako proposamena luzatu dute Zubietako errebote plazan, hilaren 16an. Mikra zirku garaikidearen erakustaldia eskainiko dute akrobazietan zoildutako bi profesionalek 19:00etatik aurrera. 40 bat minutu iraungo dituen lanean, binakako akrobazia lurrean eta trapezioan, oihalak, antzerkia eta dantza uztartuko dituzte artistek.

Akrobaziaren arloak bere baitan “normaltzat” duen “perfekzioaren” bilaketan topatu dute elkar bi akrobatak eszenatoki gainean. Bide horretan oztopo diren ezadostasunek, arazoek eta enpatia faltak, sentitzen direna eta besteek beraiengan ikusten dutenaren artean dagoen aldea aztertzera bultzatu ditu protagonistak. Nola identifika gaitezke erakusten dugunaren eta garenaren artean? Aske bizi dugu geure nortasuna? Genero eta rol estereotipoetatik abiatuz, guztiok bizi ditugun gurasotasun edo identitatea bezalako gaien zertzeladekin, botere harremanak ikusarazteko, zirku disziplinak akrobatikoak lengoaia gisan baliatzen dituen pieza da errebote plazan eskainiko duten Mikra ikuskizuna.

 

Gizarteari kritika egingo diote akrobatek ikuskizunarekin. Estereotipoetan oinarrituz, besteek gugatik pentsatzen duten horren ezberdin sentitzeak batzen ditu norbanakoen mikrak. Bien arteko “mikra” bat sortu dute ikuskizunarekin artistek. Zirku disziplinetatik datoz antzerkitik baino gehiago, eta zirkuaren balio komunikatzaile eta trasformatzailean sinistuz, gizartearen iruditegia aldatzeko,  hau guztia mikraren txikitasunetik kontatu nahi dute denak berdinago sentitzeko.