Zubieta, Gipuzkoako erreboteko txapeldunak

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 12a, 08:41

Igandean jokaturiko Gipuzkoako errebote txapelketako finalean nagusitu dira zubietarrak.

Zubietarrak nagusi beste behin errebotean. Gipuzkoako txapelketa irabazi zuten igande goizean, Villabonan jokaturiko finalean. Etxekoak izan zituzten aurrez aurre, Villabonako Behar Zanako kideak. 13-7 irabazi zieten zubietarrek. Txapelketa hau iazko etenaldiaren ostean itzuli da. 

Covid19agatik "iaz ez zen txapelketa antolatzerik izan", Gipuzkoako Pilota Federazioak gogorarazi duenez. Aurten ordea, egokitzapenekin ospatu ahal izan da. "Formatu laburrean bada ere, hainbat norgehiagokaz gozatzeko parada izan da".

Final honetarako hautagaiak, uztaileko lehen asteburuan Zubietan jokaturiko neurketa berezitik atera ziren. Hilaren 3an errebote plazan hain zuzen, txapelketa honetan parte hartu duten hiru taldeak lehiatu ziren elkarren artean; Zubieta, Villabonako Behar Zana eta Oiartzungo Txost. 

Edizio berezi eta egokitu honetan, zubietarrak sailkatu dira final nagusira, baina oraingoan Txost taldekoak ez, aurreko bi edizioetan gertatu den moduan. Zubietarren eta Behar Zanaren artekoa izan da azken partida.