Nahia Zudaire, Tokioko paraolinpiar jokoetarako hautatua

Nahia Zudaire Borrezo, maiatzeko Europako igeriketa paralinpiar txapelketan irabazitako dominarekin.

Nahia Zudaire Borrezo abuztuaren 24tik irailaren 5era Tokion ospatuko diren Paraolinpiar Jokoetarako hautatu dute. Zubietakoa igerian lehiatuko da munduko onenen artean.

Hego Euskal Herriko 13 kirolari hautatu ditu Espainiako Selekzioak, abuztuaren 24tik irailaren 5era Tokion (Japonia) ospatuko diren Paraolinpiar Jokoetan lehiatzeko. Tartean, Zubietako herritar bat; Nahia Zudaire Borrezo. 17 urteko gaztea mundu mailako hitzordu honetan lehiatuko da igerian. Hala eman du jakitera azken orduotan, Espainiako Batzorde Paraolinpiarrak. Zorionak!

Maiatzean izan genuen azkeneko Nahiaren berri. Espainiar estatuko marka hautsita, zilarrezko domina eskuratu zuen zubietarrak, duela bi hilabete Madeiran ospaturiko Europako igeriketa paralinpiar txapelketan, 400 metroko modalitatean.