Tokioko paraolinpiar jokoetan parte hartzera doa Nahia Zudaire Borrezo

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 27a, 08:12

Nahia Zudaire Borrezok abiatu berri diren Tokioko Paraolinpiar Jokoetan parte hartuko du larunbat honetan, igeriketa proban. Zubietakoa, munduko onenen artean lehiatuko da.

Adi asteburu honetan, Tokion ospatzen ari diren Paraolinpiar Jokoei. Nahia Zudaire Borrezo zubietarra munduko igerilari onenen artean lehiatuko da. Larunbat goizalde honetan izango da, 3:59an Tokyoko Aquatics Centre izeneko gunean. 200 metroko banakako modalitatean ariko da. Lehiakideak izango ditu Vendula Duskova txekiarra, AEB-tako Jessica Long, Maria Pavlova errusiarra eta Laura Carolina Gonzalez R. kolonbiarra. Teledeporte, edota rtve.es ari dira egiten joko hauen inguruko jarraipena.

Hego Euskal Herriko 13 kirolari hautatu zituen uztailean Espainiako Selekzioak, abuztuaren 24az geroztik irailaren 5era Tokion (Japonia) ospatuko diren Paraolinpiar Jokoetan lehiatzeko. Tartean, Zubietako herritar bat; Nahia Zudaire Borrezo. 17 urteko gaztea mundu mailako hitzordu honetan lehiatuko da igerian. 

Maiatzean izan genuen azkenekoz Nahiaren berri. Espainiar estatuko marka hautsita, zilarrezko domina eskuratu zuen zubietarrak, duela hiru hilabete Madeiran ospaturiko Europako igeriketa paralinpiar txapelketan, 400 metroko modalitatean.