Paraolinpiar Jokoak

Nahia Zudaire Borrezo, laugarren Tokion

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 31a, 13:09
Irudia: Buruntzaldea IKT.

Astearte goiz honetan jokaturiko finalean, laugarren postuan sailkatu da igerilari zubietarra. 

Munduko onenen artean da Nahia Zudaire Borrezo. Zubietako igerilaria Tokioko Paraolinpiar Jokoetan parte hartzen ari da. Astearte goiz honetan, 400 metroko estilo librean lehiatu da, final saioa zuen Tokyo Aquatics Centre gunean. Laugarren postuan sailkatu da. AEB edota Europako kirolari onenen artean aritu da. Estatubatuarrak nagusitu dira, final honetan. Hemen sailkapena:
1-Morgan Stickney (AEB) 4:42.16
2-Jessica Long (AEB) 4:43.41
3-Xenia Francesca Palazzo (Italia) 4:56.79
4-Nahia Zudaire Borrezo 5:07.67
5-Mira Jeanne Maack (Alemania) 5:12.82
6-Vendula Duskova (Txekia) 5:20.71
7-Amalie Vinther (Danimarka) 5:22.44
8-Mariia Pavlova (Errusia) 6:00.36


Markak hautsi ostean
200 metroko estilo libreko iragan larunbateko saioaren ondotik, zetorren gaurko hitzordua. Abuztuaren 28koan, proban zehar huts tekniko bat egotzi eta kaleratua izan zen. Postu bikaina eskuratu du gaurkoan.

Hego Euskal Herriko 13 kirolari hautatu zituen uztailean Espainiako Selekzioak, abuztuaren 24az geroztik irailaren 5era Tokion (Japonia) ospatuko diren Paraolinpiar Jokoetan lehiatzeko. Tartean, Zubietako herritar bat; Nahia Zudaire Borrezo. 17 urteko gaztea mundu mailako hitzordu honetan lehiatu da igerian. 

Maiatzean izan genuen azkenekoz Nahiaren berri. Espainiar estatuko marka hautsita, zilarrezko domina eskuratu zuen zubietarrak, duela hiru hilabete Madeiran ospaturiko Europako igeriketa paralinpiar txapelketan, 400 metroko modalitatean.