Demode Quartet taldekoen Zubietako saiorako izen ematea ixtear

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 08:27

Musikaz blaituko dute Zubietako errebote plaza ostiral honetan, irailaren 10ean, Demode Quartet taldekoek. Izen emateko azken eguna izango duzue asteazken hau, irailaren 8a, usurbilkultura.eus plataforman.

Joli Pascualena, Mikel de la Fuente, Iker Huitzi eta David Rosco laukoteak girotuko du iraileko bigarren ostiral hau, hilaren 10a Zubietan. "Epa" ikuskizunarekin datoz Demode Quartet taldekoak. Argi diote aurrerapenean, hitzordu honetan, "euskal “esentzia”k eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan" eta horixe frogatu nahiko dute errebote plazan eskainiko duten saioarekin.

Hitzordua Zubieta Lantzen elkarteak antolatu du. 100 lagunentzako lekua egongo da. Sarrera bakoitzak 10 euro balioko ditu. Emanaldirako izena aurrez bideratu beharko da ohi bezala, usurbilkultura.eus plataforman. Asteazken hau, irailaren 8a izango duzue horretarako azken eguna. Baina adi; izena eman eta sarreren zozketa egin ostean, emanaldi lekuan bertan egin beharko da sarreren ordainketa, antolakuntzak ohartarazi duenez.

Albiste honi atxikitako taldearen bideoan duzue, ikusi eta entzun ahalko duzuen emanaldiaren aurrerapentxo bat.

Demode Quartet Zubietan: "Epa" ikuskizuna
Eguna: irailak 10, ostirala.
Ordua: 18:30.
Tokia: Zubietako errebote plaza. Euria eginez gero frontoian.
Zehaztasunak: "Demode Quartet taldeari zerbaitek esaten dio euskal “esentzia”k eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan. Erabat seguru daude countryaren, jazzaren, sanbaren, bollybodaren edo pop modernoaren jatorria Euskal Herriko mendi, portu eta haranetan bilatu behar dela. Horixe frogatu nahiko digute EPA ikuskizunarekin ... A ze beldurra!".
Edukiera: 100 lagun.
Izen ematea: irailaren 8ra arte usurbilkultura.eus plataforman. 
Sarrera: 10 euro. Egokituz gero, ikuskizunaren egunean bertan eskura ordaindu beharko da.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.